Zerbitzu publikoen aldeko giza-kate dinamikoa antolatu du biharko Elorrioko Argi Gorriak ekimenak. Mobilizazioarekin Eguneko Zentroa eskatzeaz gain, Osakidetzaren gainbeheraren amaiera aldarrikatuko dute.
Antolatzaileen esanetan, “onartezina da zerbitzu publikoek hartu duten norabidea”, euskal gizarteak “zerbitzu publiko duina eta kalitatezkoa izateko eskubidea” duelako. Elorrion, esaterako “Eguneko Zentro baten beharra ezinbestekoa da” eta baliabide horren aldeko 1.150 sinadura bildu ziren herrian.
“Gaur egun Elorrion 2. eta 3. mendetasun-maila duten 126 pertsona daude” eta pertsona horiek “lehenago edo beranduago Eguneko Zentro baten beharra izango dute”, Argi Gorriak ekimenetik adierazi dutenez.
Osakidetzaren gainbehera
Osakidetzaren gainbeherak Elorrion ere eragina duela diote, medikuak eta pediatrak ez direlako ordezkatzen eta erizainak ere, nekez. “Horrek eragin zuzena du funtsezkoa den lehen arretan eta herritarren osasun fisiko, psikologiko eta sozialak zintzilik uzten ditu”.
Egoera horren ondorioa, “larrialdietako zerbitzuak beharrezkoak ez direnean erabiltzen dira, sistema osoa kolapsatuz eta zerbitzuaren kalitatea ahulduz”.
Gainera, “Bizkaiko Foru Aldundiak Elorrixoko Laguntza Zentroan jarri gura dituen bizikidetza unitateekin, ohe publikoak eta lanpostu publikoak suntsituko dira, horiek zerbitzu pribatuetara bideratuz”.
Argi Gorriak zerbitzu publikoen alde deitutako mobilizazioa Aldatsekuan hasiko da 19:00etan. Giza-kate dinamikoa, besteak beste, Zumelegi egoitzatik edo Osasun Zentrotik pasatuko da eta Elorrioko Laguntza Zentroan amaituko da.