
Santixau, Santa Ana eta San Inaxio jaiak ospatuko dute garaitarrek gaurtik aurrera. Donien Atxa jarri ondoren, datorren 31a arte luzatuko da egitarau zabala. Ohiko ekitaldiez gain, erromeriak gizon probak eta txapelketak egongo dira hurrengo egunetan.
Arratsaldeko 20.00etan hasiko dira gaur jaiak Donien Atxa jartzearekin. Ondoren, ezpatadantzarien saioa egongo da herriko plazan, eta gaueko kontzertuan Txomin Bedarra taldea arituko da.
Biharko ekitaldiak modu tradizionalean hasiko dira. Urtero legez, txistulari, dantzari eta agintarien kalejirak goizeko 10.30ean desfilatuko du. Meza Nagusia San Migel Elizan ospatuko da, eta ondoren ohizko Santiago imajinaren prozesioa Elizabarriraino egingo dute dantzariek, agintariena eta Gernikako Arbola dantzatuz. Arratsaldeko 18.00etan erregelen erakustaldia egongo da. Gaueko kontzertuan, berriz, Elortza eta Iñaki Larrañaga ibiliko dira.
Osteguneko ekitaldiak txistulari, dantzari eta agintarien kalejirarekin hasiko dira barriro ere. Ondoren, Meza Nagusia egingo da Elizabarrin eta Santiago imajinaren prozesioa parrokiaraino eramango dute.
Tortilla txapelketa
Ezpatadantzariek herriko plazan emango dute agerraldia eta jarraian ezkondutako andren erregelak dantzatuko dira. Tortilla txapelketa 19.00etan ospatuko da. Ezten Giro taldeak gaueko erromeria alaituko du.
Trikipoteoa eta bazkari herrikoia, berriz, larunbatean ospatuko dira. Ansorregi taldearen eskutik hasiko da arratsaldeko erromeria eta Triki ta Ke taldeak lekukoa hartuko du beranduago.
Briska Txapelketak zabalduko du igandeko ekitaldiak. Jubilatuen bazkariarekin batera, asto Probetan Pozuzarreta Elkartea, Satxibar, Iñaki Erleaga eta Alberto Plazaren abereak lehiatuko dira.
Asto probak
Pailazoak eta Mus txapelketaren txanda astelehenean izango da eta hurrengo egunerako umeen jolasak antolatuko dira. Asteartean, arratsaldeko 18.30ean, desafioaren txanda helduko da. Bertan Iurretako eta Garaiko gazteak gizon proban arituko dira. Iurretako Luhartz taldearekin gozatuko dute gaueko erromerian.
Garaiko jaiak hilaren 31n amaituko dira ohiko Mezarekin San Migel elizan. Igel Txapelketa eta asto proben erakusketa egongo dira egunean zehar. Txomin Bedarrak azken erromeria gidatuko du, eta txokolate beroarekin jaiei amaiera emanzo zaie.