
Erabat eraberritutako ‘Deshakespeareazioa’ ikuskizuna estreinatuko du Karrika Antzerki Taldeak gaur eta bihar (20:00etan) San Agustin kultur gunean. Ekoizpen berrian, konpainiako 12 antzezleekin batera, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako hari taldeko hamaika musikari azalduko dira.
‘Deshakespeareazioa’ antzezlanaren ekoizpen berria, iazko ‘Hitzari gorazarre’ ekimenaren baitan azaroan estreinatutako pieza laburraren egokitzapena da. “Orduan, Shakespeareren inguruko lagintxo bat sortzea eskatu ziguten eta bere testuak eta pertsonaiak ezagutzen hasi ginen”, taldeko kidea den Gorka Madrazoren esanetan.
Sortutako laginek Durangoko Azokaren inaugurazioan zein amaieran ere antzeztu eta gero, jatorrizko obrari “buelta eta astindu batzuk eman” eta sorkuntza berreragiten hasi ziren “ikuskizun indartsuagoa egiteko helburuarekin”. Puntu horretan, “Bartolome Ertzilla Musika Eskolako taldearekin batera zerbait egiteko aukera sortu zen”, Madrazoren arabera.
Ikuskizunean azaltzen diren biolin, biola eta biolontxeloa jotzaileek antzezlaneko partaideak dira. Izan ere, 15 eta 19 urte bitarteko hamaika musikariek “ez daude eszenatik kanpo eta agerraldian jotzeaz gain antzeztu egin behar dute. Hori oso interesantea da euren ikasketa prozesuan”, Eunate Zarrabeitia hari instrumentuen irakaslearen esanetan.
Ikertu, egokitu eta itzuli
Drama eta komedia uztartzen dituen ikuskizunak dramaturgo ingelesaren nondik norakoak jartzen ditu agerian, “bere bizitzari buruz ezer gutxi dakigun arren”, San Agustin kultur guneko Arantza Arrazolaren arabera. ‘Deshakespeareazioa’ antzezlana gauzatzeko “ikerketa, egokitzapen eta itzulpen lan astuna egin behar izan dute Karrikako kideek, Shakespeareren euskaratuko testuak eta itzulpenak urriak direlako”, Arrazolaren esanetan.
Gaur eta bihar eskainiko diren bi agerraldietan, Shakespeareren bizitzaren eta bere historiaren inguruan egindako birsortze lana eszenaratuko da. “Idatzi egiten zuela badakigu baina hortik aurrera ezer gutxi dakigu; ezta zein zen bere ogibidea ere”, Madrazoren esanetan.
Abiapuntu hori hartuta, Londresko XVI. mendeko azoka batean jarritako harakina bilakatu dute idazlea. Ikuslegoa berriz, espazio horretan murgilduko da eta bertan sortzen diren istorio desberdinen lekukoa izango da.