Aspaldiko ohiturei eutsiko diete eskualdeko herrietan gaur, Agate Deunaren bezpera abesten kalez-kale ibiliko diren abesbatzak eta kantari taldeek. Aurten, domekan ospatzen denez, ohiko ordutegia aldatuko dute herri gehienetan irtengo diren koruek eta arratsaldean egin beharrean goizez irtengo dira.
Agate Deuna bezperaren ospakizunaren oinarria baserri-giroko tradizioan dago eta irteten diren abesbatzek egun horretan bakarrik abesten diren koplak eskaintzen dituzte. Kantariek, gainera, aldean daramatzaten makilak lurrean kolpekatuta jartzen dute koplen erritmoa.
Aspaldian irteten ziren kantariek biltzen zituzten sosak, janariak zein edariak taldekideentzat izaten baziren ere, gaur egun dirua batzen da gehien bat eta bildutakoa ongintzarako bideratzen da.
Durangon Agate Deunaren koplak abestuko dituzten taldeak bi izango dira gutxienez, Durango Orfeoia eta Herria auzo elkartea, eta biak 12:00etan irtengo dira. Orfeoiak herritarrei parte hartzeko gonbitea egin die eta Plateruen plazan eguerdian bildu ondoren Ezkurditik, Alde Zaharretik eta erdiguneko kaleetatik ibiliko da.
Herria auzo elkarteko abesbatza berriz Mataderotik abiatuko da eta auzoko zenbait guneetan ibili ondoren elkartearen egoitza aurrean amaituko du ibilaldia. Ekitaldian bildutako dirua Maiatzaren 1ean egingo duten Danborradarako danborrak erosteko bideratuko dute.
Zornotzan ere abestuko dituzte Agate Deunarek koplak Armendola Kultur Elkartearen antolakuntzarekin. Kalez-kale ibili ondoren, herritarrekin elkarretaratzea egingo dute 13:45ean Konbenio plazan ohiko kopla elkarrekin kantatzeko.
Elorrion, ohikoa denez, Iturrizoro elkarteartea arduratuko da Agate Deunaren ekitaldiarekin. Aurten 11:45an bilduko dira Herriko plazan kalejiran parte hartu nahi duten herritarrek. Ondoren, Nagusien erresidentziarako bidea hartuko dute eta jarraian Ibarra, Urarka eta Erreka inguruan abestuko dituzte koplak. Zumelegi erresidentzian abestu ondoren Pitxar elkartean emango diote amaiera ibilaldiari.
Elorrioko kantariek dirua bilduko dute “herriko behartsuei laguntzeko Caritasen bitartez”, Iturrizorokoen arabera. Antolatzaileek etxez etxe banatu dituzte gutun-azalak eta bertan jarritako dirua egun horretan emateaz gain, parrokiako poltsetan, Kutxabank edo Laboral Kutxan jarritako kutxatxoetan entregatu ahal dira. Gainera, Kutxabankeko 2095 0038 56 2038010369 kontuan dirua sartzeko aukera dago.