
Zaldibarko Udalak euskararen eta heziketaren inguruan udazkenean burutuko diren hainbat ekimen prestatu ditu, tarteko zapatuan izango den Gontzal Mendibilen kontzertua edo bihar bertan hasiko den ipuin kontalarien ekimena.
Zeanuriko abeslariak zapatuan Olazar frontoian eskainiko duen kontzertua iluntzeko 20:00etan hasiko da. Agerraldian bere ibilbidean argitaratutako zenbait diskoetako abestiak zein kaleratu berri duen ‘Biok’ laneko kantuak aurkeztuko ditu.
Kantautore arratiarrak emango duen ekitaldian eskualdeko zenbait partaideren laguntza izango du, agertokian Esther Hernándezek zuzentzen dituen Elorrioko Berrio-Otxoa Abesbatza eta Zaldibarko Koralaz gain Olazarmendi gimnasia taldeko kideak ere azalduko baitira.
Liburutegiko ekitaldiak
Zapatuko kontzertuaren aurretik hasiko dira Liburutegiko udazkeneko ekitaldiak, bihar bertan ‘Ipuin kontalariak’ ekimenaren lehen saioa izango baita. Hasierako saioan ‘Emozioei buruzko ipuinak’ landuko dira eta azaroaren 8koan eta abenduaren 13koan berriz, ‘Hitzak marrazten’ eta ‘Mari Domingiren sekretuak’ izango dira hizpide, hurrenez hurren.
Ekimen horren harira, Juan Karlos Alonso psikologoak eskainiko duen hitzaldi zikloa ere prestatu dute. Azaroaren 7an eta 28an eta abenduaren 12an burutuko den ‘Ipuin eta emozio heziketa’ ekimenaren bidez ipuin desberdinak azalduko dira, zelan landu, zertarako diren egokiak edo ze ipuin aukeratu, besteak beste.
‘Mahai jolasen arratsaldeak’ zikloa berriz, datorren asteko barikuan hasiko da. Azaroaren 15ean eta abenduaren 20an errepikatuko diren saioak ume eta gazteei zuzenduta badaude ere nagusiek ere parte har dezakete. Ekimen honetan betiko mahai jolasak zein jolas berriekin disfrutatzeko aukera egongo da.
Liburutegian izango diren ekitaldietan parte hartzeko, beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea.