
Gorka Fraile preso durangarra Santoñako El Dueso kartzelatik Iruñekora eramango dute 2. gradutik 3.era pasatu ondoren. Estatu espainiarreko Espetxeetako Zuzendaritza Nagusiak hartutako erabakia Cantabriako presondegiko Tratamendu Batzordeak emandakoa berretsi zuen.
Frailek 2015ean bete zituen bere zigorraren hiru laurdenak eta bigarren graduan sailkatu zutenetik bizpahiru espetxe-baimen lortu ditu. Orain, hirugarren gradua lortu ondoren, erdi-askatasuneko bizimodua egiteko aukera izango du Iruñeko kartzelara eramaten dutenean.
Preso durangarrak 21 urte daramatza Estatu espainiarreko kartzeletan eta 2015ean mingaineko tumore bat kentzeko ebakuntza egin zioten Badajozeko presondegian zegoela. Osasun arazo horregatik gaixotasun larria duten presoak batzen dituen Jaiki Hadi zerrendan sartu zuten bere askatasuna exijituz.
Bestalde, Jon Urretabizkaia elorriarra abenduaren 28an askatu zuten Huelvako kartzelatik, 20 urteko zigorra bete ondoren. Preso ohia 2000ko urtarrilean atxilotu zuten eta bi hamarkadatan Valencia II, Córdoba, Algeciras edo Puerto de Santa Mariako kartzeletan egon da, besteak beste.
Albiste ikaragarria!!!