Mallabiko Urriko jaiek egitarau oparoa eskainiko dute gaurtik hileko azken egunera arte. Egun oparoena datorren zapatua izango da, Gozategi eta Chill Mafiaren kontzertuez gain, V. Ardau Ferixia, herri bazkaria eta kale-animazioa egongo baitira.
Ospakizunak gaur goizean abiatuko dira 9:00etan hasiko den nesken frontenis maratoiarekin eta ordu bete geroago petriletik abiatuko den ‘Mallabitarrok egina’ ekimenarekin. Frontenis txapelketak bihar izango du jarraipena.
Datorren eguenean ‘Oiz mendia: gune sakratua. Lau milurteko hileta praktikak’ hitzaldia egongo da Kontzejupean, 19:00etan hasita. Bariku arratsaldean berriz, Txondor herri kirol taldearen erakustaldia egongo da, arratsaldeko 18.00etan txupinazoa piztu aurretik. Ostean, elizpeko pilota txapelketaren finalak jokatuko dira; oilasko pintxoak dastatzeko aukera egongo da, eMePebo5t taldeak agerraldia eskainiko du eta Dj Gorka Perezen saioak emango dio amaiera egunari.
Ardau Ferixie eta bazkaria
Larunbateko ekitaldiak goizeko 11:00etan abiatuko den duatloi txikiarekin hasiko dira, eta eguerdian Mallabiko V. Ardau Ferixie egongo da, bertan Mallabiko tabernariek prestatutako pintxoak dastatu ahal izango dira. Goizeko egitaraua 14:30ean hasiko den herri bazkariarekin osatuko da.
Iluntzean, Kick boxing gaua egongo da, Dunbots elektrotxarangak kaleak girotuko ditu eta gaueko 22:30etatik aurrera Gozategi, Chill Mafia eta Txurruren kontzertuak egongo dira.
Domekan, Tor magoaren agerraldia, I. Autoen Slaloma eta mus txapelketa egongo dira. Urriko Jaien azkenen egunean, Sorgina Txirulinaren ipuin kontaketak, kalabazak hustu eta karetak eta aurpegiak marraztuko dira, ‘Iluntasuna piztu..,’ ekitaldia egongo da eta Takitto taldeak girotutako trikipoteoarekin osotuko dira ospakizunak.