Andra Mari egunaren inguruan ospatzen diren jaien ordez, aurten ere Andra Mari Kulturala izango dute Mallabin, Covid19aren izurritea dela eta. Abuztuaren 14tik 16ra bitartean burutuko den egitarauan Gozategi eta Luhartzen agerraldiak eta profesionalen pilota partidak eta harri-jasotze lehiaketa nabarmentzen dira.
Prestatutako ekitaldiak zapatuan abiatuko dira arratsaldeko 17:00etan Mr. Frack antzezleak parkeko aterpean eskainiko duen zirko eta umore ikuskizunarekin. Iluntzeko 21:125ean berriz, pilota partiduak egongo dira eta lehenengoan Elordi eta Oier Etxaberriak Larrazabal eta Uriondorekin neurtuko dituzte indarrak. Jaialdiko norgehiagoka nagusian Urrutikoetxeak eta Martijak Ezkurdia eta Imaz izango dituzte aurrez-aurre.
Domekako egitaraua Herriko dantzariek eguerdian eskainiko duten ekitaldiarekin abiatuko da.
Arratsaldeko 16:00etan Mallabiko Gizonezkoen XXXI. eta Emakumezkoen I. harri-jasotze saria lehiatuko da frontoian. Gizonezkoek 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bolarekin arituko dira eta emakumeak berriz 62,5 kiloko zilindro zaharra eta 62,5 kiloko bola erabiliko dituzte.
Harri-jasotze lehiaketak
Partaideak Manex Zubizarreta, Mikel Lopategi ‘Urra’, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta V.a’ Xabat Olaizola, Iñigo Eizagirre eta Iraitz Arruti zarauztarrak, Beñat Vicario donostiarra, Jagoba Otaegi aizarnarra, Julio Jiménez Segoviako Arevalokoa, Petre Bulgorea errumaniarra, Eneko Bilbao kortezubitarra, Jesus Mari Iruretagoiena ‘Izeta III.a’ aizarnazabaldarra eta Jon Gisasola ‘Zelai IV.a’ mallabitarra izango dira gizonezko lehiaketan. Emakumezkoetan berriz, Marina Blanco Palentziakoa, Lucia Orbe bilbotarra, Udane Ostolaza oriotarra eta Karmele Gisasola ‘Zelai III.a’ mallabitarra izango dira lehian.
19:00etan hasiko den Jule kale-antzerkia ikuskizunarekin eta 22:00etatik aurrera Gozategi taldeak eskainiko duen ekitaldiarekin osotuko da eguneko egitaraua.
Asteleheneko ekitaldiak 11:00etan Jasokunde parrokian izango den mezarekin abiatuko dira. 16:00etan, 17:30ean eta 19:00etan berdintasunaren aldeko Escape rooma saioetan parte hartzeko aukera egongo da Kultur Etxean eta 22:00etan Luhartz taldeak eskainiko duen kontzertuarekin borobilduko da aurtengo egitaraua.
Agerraldi eta ekitaldi guztiak ikusle kopuru mugatua izango dute eta pilota partiduetarako sarrerak barikura arte egongo dira salgai udaletxean.