
(Argazkia: Durangoko Turismo Bulegoa)
Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak GR-229 Mikeldi ibilbidearen mantentze-lanekin arduratuko den pertsona fisiko edo juridiko bat kontratatzeko lehiaketa deitu du. Bost etapatan banatuta dagoen bide horrek 86 kilometroko luzera du eta Durangaldeko hainbat baserri auzo zeharkatzen ditu.
Esleipenean aukeratua izango den pertsonak edo enpresak ibilbidea garbi mantentzeaz gain, ibilbidearen seinaleak margotzeaz eta seinale bertikalen egoeraren berri emateaz arduratuko da. Horrez gain, ibilbidearen inguruan topatuko dituen edozein gertakariren edo intzidentziaren berri eman beharko dio Urkiola LGAri.
Kontratuak zerbitzuen alokairuaren izaera izango du eta urtebeteko iraupena izango du. Urkiola Landa Garapen Alkarteak prezioa, adina (31 urte baino gutxiago izatea), sexua (emakumea izatea) eta enpresa lehiakidea pertsona-bakarrekoa, mikroenpresa edo autonomoa izatea baloratuko ditu esleipena egiterakoan.
Parte hartu nahi duten pertsona fisiko zein juridikoek beren proposamenak 2019ko urtarrilaren 18a baino lehenago (14:00) aurkeztu beharko dituzte Urkiola Landa Garapenerako Alkartearen bulegoan (Margarita Maturana, 7- Berriz) edota jmtotorika@urkiola.org helbide elektronikoaren bitartez.
GR-229 Mikeldi bidearen mantentze-lanei buruzko Oinarrien Plegua www.durangaldea.eu eta www.oizegin.com web orrialdeetan zein Urkiola LGAren sare sozialetan dago eskuragarri. Halaber, esleipenaren plegu dokumentua posta elektronikoz eskatu ahal da urkiola@urkiola.org helbidean.