Guda Zibilaren 75. urteurrena gogoratuko dute Mañarian. Horretarako, Udalak eta Gerediaga Elkarteak ekitaldiak prestatu dituzte. Aste guztian zehar erakusketa bat izango da ikusgai, eta larunbatean, berriz, oroimen ekitaldia egingo dute udaletxean.
Aste guztian zehar eta igandera arte, “Guda Zibila Durangaldean” izeneko erakusketa ikusgai izango da Mañariko Kultur Etxean, goizez eta arratsaldez. Erakusketa honetan 1936ko uztailaren 18tik 1937ko maiatzaren 23ra bitartean eskualdean izandako gertaera historikoen berri ematen da: gerraren aurrekariak, Otxandio eta Durangoko bonbardaketak, martxoaren 31ko eraso orokorra, Saibigain eta Intxortako gudaldiak eta Mañariaren erorialdia, besteak beste.
Bestalde, maiatzaren 19an eta eguerdiko 12:30ean, “negu bortitzean harri artean askatasun ametsa bizirik iraunarazi zuten gizon eta andreei”, Mañariko herriaren oroimen ekitaldia burutuko da udaletxean.
Bertan, askatasunaren alde eta faxismoaren aurka burrukatu zuten gizon eta andreen oroimenezko plakaren desestaltzea egingo da, eta agintarien hitzak izango dira batzar aretoan. Ondoren, Jon Irazabal historiagilearen “Mañaria gerra garaian” mintzaldia egongo da eta bukatzeko luntxa eskainiko da.
“Publiko orokorrari zabaldutako ekitaldi bat izango da, baina protagonista nagusiak lekukoak izango dira”, azaldu dute antolatzaileek.