Astelehen honetan hasi da ‘Gurot’ euskal tribial birtualaren taldekako lehiaketa, Bizkaiko gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta aisialdirako joko edo tresna egokia eskaintzea helburu duena. Parte hartzeko 12 eta 18 urte bitarteko hiru pertsonako taldeak osatu behar dira eta, eta hori eginda, ahalik eta galdera gehienei erantzun.
Udal edo mankomunitate bakoitzeko talde bi onenek 50 euroko bonuak irabaziko dituzte eskualdeko komertzioetan gastatzeko, eta talde irabazlea final handira pasatuko da. Final handi hori, Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagundua, San Mamesen jokatuko da apirilaren 26an.
Finalera iristen diren taldeak sari paregabeak lortzeko aukera izango dute: asteburu pasak Madrilgo Warnerren, Irri Sarri Landen eta Miarritzeko Cité de L’Océanen, besteak beste.
Durangaldeko Mankomunitateaz eta Amorebieta-Etxanoko Udalaz gain, 2024ko lehiaketa Abanto-Zierbena, Erandio, Gernika-Lumo, Getxo, Lekeitio, Mungia, Sestao eta Enkarterri eta Txorierriko mankomunitateak antolatu dute, Aldundiaren zerbitzu den Alkarbideren lankidetzarekin.
Berritua eta zabalagoa
2024ko ‘Gurot’ lehiaketa berritutako programa informatikoarekin jolastuko da, “proiektua hartzen ari den dimentsioaren jakitun”, antolatzaileen esanetan. Izan ere, “Bizkaiko gazteen artean arrakastatsuenetakoa” den jolasaren programa bisualagoa eta erakargarriagoa izango da, eta horren ardura ‘Egunean Behin’ jolasa garatu duen CodeSyntax enpresak izan du.
Euskal tribial birtualaren lehiaketa Bizkaiko hainbat herritara zabaldu zen 2023ko irailetik abendura bitartean. Banaka jokatu zen lehiaketan, 11 eskualdeko 3.200 gazte bizkaitar aritu ziren Gurot aplikazioarekin jolasten.