
Atxondoko Santixau auzoak inguru horri izena ematen dion patroiaren jaiak ospatuko ditu gaurtik astelehenera bitartean eta prestatutako egitarauan paella, patata tortilla, mus, briska, bolo edo porra txapelketak tartekatuko dira.
Jaiak gaur iluntzean hasiko dituzte txopoa altxatuz, berakatz-zopa dastaketarekin eta karaoke saioarekin. Bihar, Laja eta Olartek eskainitako musika eta ‘Astoa 2.0’ posturea egongo dira egun guztian eta eguerdian paella txapelketa eta herri bazkaria egingo dute. Arratsaldean egongo diren mus, igel eta bolo txapelketekin ostuko da eguneko egitaraua.
Goizeko 11.00 emango den meza nagusiarekin hasiko dituzte domekako ospakizunak eta ondoren herri kirolen erakustaldia eta saiheski eta piper pintxoak dastatzeko aukera egongo da. Arratsaldeko 17.00etan briska txapelketari ekingo diote eta ondoren patatak hobeto nork zuritu eta patata tortilla lehiaketak hasiko da. Prestatutako tortillekin egingo dituzten afariak eta Dj Ibairen musika saioarekin amaituko dira eguneko ospakizunak.
Astelehenean, Santixau eguna, Mozorro eguna ospatuko dute eta ekitaldiak goizeko 11.00etan emango den meza nagusiarekin eta jarraian Andasto dantza taldek eskainiko duen agerraldiarekin eta porra txapelketarekin hasiko dira. Goizeko egitaraua mus eta briska txapelketen finalekin osatuko da.
Arratsaldeko 17.30etatik aurrera umeen jolasak eta mozorro lehiaketa egongo dira eta jaiei amaiera emateko otzararen zozketa egingo da eta txokolatea banatuko dute.