Mañariko Udalak, herritarren partaidetzarekin, hainbat ekitaldi prestatu ditu zapatu honetarako, hilak 4, zein datorren asteko martitzenerako, martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.
Aste honetako zapaturako prestatutako egitaraua goizeko 11:00etatik 14:00etara egingo den Emakume sortzaile eta ekoizleen azokarekin abiatuko da. Jarriko diren erakusmahaietan bitxiak, arropak, ipuinak, garagardoak eta eskuz egindako hainbat osagarri egongo dira eskuragai. Guztira hogei postutik gora bilduko dira.
Goizeko ekitaldiak, eguerdiko 13:00etan hasiko den trikipoteoarekin eta 14:30ean egingo duten bazkariarekin osatuko dira. Bazkalostean, mahai jokoak eta karaokea egongo dira, taldeko argazkia egingo dute eta musika girotua jarriko da.
Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen den martxoaren 8an berriz, pankarta prestaketa egingo dute Udaletxean 18:30ean hasita, eta 19:15ean elkarretaratzea egingo dute plazan.