
‘Ondare irisgarri eta inklusiboa’ gaiaren inguruan burutuko diren 2021eko Ondarearen Europako Jardunaldien barne, hainbat proposamen izango dira urrian Durangaldean. Gerediaga Elkarteak Garai, Mañaria, Iurreta, Zaldibar eta Berriz herrietan antolatuko dituen ekitaldiez gain, beste lau proposamen egongo dira Durangon, Elorrion, Urkiolan eta Zornotzan.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta eskualdeko hainbat erakundek Durangaldean eta Zornotzan prestatutako egitaraua urriaren 2an abiatuko da Urkiolako Parke Naturalean eta Garain. Lehenengoa, Urkiolako Parketxeak antolatu du eta Txakurzulon abiatuko da goizeko 10:00etan, ‘Zentzumenen ibilbidea’ egiteko. Ekimen honen helburua basoa beste era batera ezagutaraztea da.
Bizimodua, harrobia eta eskola
Garaiko Elizabarrin egingo den erakusketak herriko bizimodu, ohitura eta lekuen argazki zaharrak erakutsi nahi ditu. Digitalizatutako irudien erakusketa 30eran izango da, baina argazki bilketa urriaren 2an (11:00-14:00 eta 17:00-19:30) eta 3an (11:00-14:00) egingo da Kultur Etxean.
Mañarian eta Iurretan urriko hirugarren asteburuan egingo diren ekitaldiek hartuko dute jardunaldien lekukoa. 16an ‘Harrobien soinuak’ izango dira protagonista. Goizeko 11:00etan hasita, geologo batek lagundutako bisita gidatua abiatuko da eta ondoren 4kote taldeak kontzertua eskainiko du Angurreta harrobian.
Iurretan berriz, ‘Auzo eskolei esker hezkuntza guztion eskure’ deituriko ekimenaren inguruko erakusketa egongo da urriaren 16an (17:00-19:00) eta 17an (11:00-14:00) Askondo karpan. Domekan, gainera, hitzaldia egongo da eta Iurretako Goiuria ikastolari buruz egiten dabiltza ikerketa lanaren berri emango da.
Arteterapia
Asteburu horretan burutuko da Elorrioko Udalak antolatutako ‘Elorrioko ‘barrioak’. Etorkinek eraikitako herria’ ekimena ere. 10:00etan eta 12:00etan abiatuko diren ibilbideetan, 1940tik aurrera herrira gerturatu zirenen begirada berreskuratu nahi da, langileen auzuneak bisitatuta.
Durangoko Arte eta Historia Museoak antolatutako ‘Arteterapia. Museoa, osasuna eta inklusioa’ urriaren 19an eta 26an burutuko da, 18:00etan hasita. Amaia Peñak emango duen tailer horren helburua, osasun mentala eta ongizate emozionala zein soziala hobetzea edo sendatzea da.
Zaldibarren, Berrizen eta Zornotzan izango dira urriko laugarren asteburuko ekitaldiak. 22an, 18:00etan hasita, Zaldibarko ospitaleko kaperako hormetan dauden Juan de Aranoa margolariaren lanari buruzko hitzaldia egongo da. Ekitaldia, udaletxe atzean dagoen liburutegi zaharrean izango da.
Zornotza, kulturaren bidegurutzea
Hurrengo egunean, kontzertua egongo da Berrizko San Joan Bautista parrokian, 18:00etan hasita. Bertako organoak 100 urte betetzen dituela eta, agerraldia eskainiko dute Myriam Cepeda organojoleak eta Luis Alberto Requejo klarinetejoleak.
Zornotza Aretoan 23an, 20:00etan hasita, ikusgai jarriko den ‘Amorebieta-Etxano, kulturaren bidegurutzea’ erakusketak osotuko ditu 2021eko Ondarearen Europako Jardunaldien harira eskualdean egingo diren ekimenak. Udaleko Kultura eta Kirol sailak antolatutako erakusketak agerian jarri nahi du inguruko bailaretako ohiturak eta kostalde eta barrualdeko aireak betidanik Amorebieta-Etxanon aurkitu direla eta harreman aberasgarriak sortu dituztela.
Gerediaga Elkarteak antolatutako ekitaldietara gerturatzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, ejardunaldiak@gmail.com helbide elektronikora idatzita edo 673005981 telefono zenbakira deituta. Bestelako ekitaldietara gerturatzeko berriz, beharrezkoa da antolatzaileekin harremanetan jartzea.