‘Har Hik Etarrak’ taldeak egindako ‘Parisera’ lanak irabazi du asteburuan jokatu zen Labur Esanda filma laburren lehiaketa. Berbaro elkarteak antolatutako ekimenean bost taldek parte hartu zuten.
Ainhoa Zabarte, Xabier Zabala eta Ainhoa Olasok osatutako epaimahaikideek erabakitako 300 euroko lehen sariaz gain, Zaharraz harro taldeak aurkeztutako ‘Iguriki’ filmak lortu zituen bigarren sariaren 200 euroak, eta hirugarren sariaren 100 euroak Urkiola taldeak egindako ‘Gauza sinpleenak’ lanarentzat izan ziren.
Parte hartzaileek 24 ordu eduki zituzten ‘Zain egotea’ gaiaren inguruan egindako film laburrak grabatzeko. Gainera, nahita ez azaldu behar zen objektua ‘xaboi burbuila’ zen, eta esan beharreko esaldia “Zenbat eta gordinago, hobeto”.
Bariku arratsaldean hasi eta zapatu gauean, lehiaketara aurkeztutako pelikulen emanaldiarekin amaitu zen ekimenera bost talde aurkeztu ziren. Plateruenan egin zen emanaldira “dozenaka pertsona bertaratu ziren” eta saioan “giro ezin hobea” izan zuten.
Berbaro elkarteko kideek datorren urtean jokatuko den IV. edizioa egiteko gogoz daude, “modu horretan euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzan gure aletxoa ipintzen jarraitzeko” asmoa baitute.