Durango Rugby Taldeak 30. urteurrena aurten betetzen duela eta, hainbat ekitaldi antolatu ditu ospakizun horren inguruan, tarteko “urte hauetan izandako entrenatzaileak batuko dituzten solasaldiak”, klubeko presidentea den Juan Manuel Iriondok, ‘Txapo’k, adierazi duenez.
‘Errugbi saltsa’ izenburua duten solasaldiak barikuetan izango dira, gaueko bederatzietan hasita, klubak Goenkalen duen tabernan. Lehenengo hitzordua gaur bertan izango da eta gainontzekoak maiatzeko lau barikuetan burutuko dira.
Ospakizun ekitaldiei hasiera emango dion berbaldian Anton Mendizabal, Eduardo Fidalgo ‘Aldeano’, Goretti Etxegibel eta Jose Ignacio Azurmendi ‘Txusmen’ izango dira hizlari.
Gaurko zein gainontzeko solasaldiak hizlarien aurkezpenarekin hasiko dira. Jarraian, partaide bakoitzak taldean egindako ibilbideari lortutako galderak erantzungo ditu. Antolatzaileek, hala ere, ekitaldi biziak egin nahi dituzte eta horregatik, protagonistek emandako azalpen eta bizipenen ondoren, entzuleen galderak tartekatuko dira.
Hurrengo solasaldian, maiatzaren 5ean, nesken taldeko hasierako entrenatzaileen txanda izango da. Maiatzaren 12 berriz, kanpotik etorritako entrenatzaileak izango dute hitza eta maiatzaren 19an etxeko entrenatzaileen txanda izango da, hau da, klubeko kideak izandakoak. Azken solasaldia maiatzaren 26an izango da eta berbaldiko protagonistak klubeko talde desberdinetako prestatzaileak izango dira.
30. urteurrena ospatzeko ekimenak maiatzaren 27an ospatuko den Errugbi Egunarekin amaituko dira. Egun horretako ekitaldien artean DRT eta Hernani klubeko maila desberdinetako taldeen arteko partiduak jokatuko dira Arripausuetasen, afari herrikoia egongo da, nesken zein mutilen lehenengo taldeetako kideak omenduko dituzte eta Luhartzek girotutako erromeria egongo da.