
Irrien Lagunak Klubarekin elkarlanean burutuko dute datorren ikasturteko Olgetan proiektua Plateruena Kafe Antzokiak eta Berbaro Elkarteak. Horretarako, astean zeharreko ludotekaz gain, asteburuetako ikuskizunak ere izango dira. “Proiektua hobetzeko asmorekin, ludotekaren formatua aldatu dugu eta ikuskizunak Irrien Lagunak Klubarekin elkarlanean burutuko ditugu”, azaldu dute Plateruenetik egitasmoaren aurkezpenean.
Aisialdian kokatuta dagoen jolaserako espazioa da ludoteka, eta Berbarotik aurreratu dutenez “euskara sustatzea da” egitasmoaren helburua. Marrazketa, sinbolizazioa, antzerkia, eraikuntza eta irakurketa izango dira atolatuko diren txokoak.
Ludotekan 3 eta 8 urte bitarteko umeentzat zuzendutako ludotekan, gustuko dituzten jostailuak, ekintzak, lagunak eta aukerak aurkituko dituzte. Astelehenetik asteazkenera eskainiko da Plateruenean, eta datorren urriaren 29an hasi eta apirilaren 7an bukatuko da. Sarrera irekia eta doakoa dela gogoratu dute antolatzaileek. “Iazko arrakasta ikusita, ekintza bereziak tartekatzea erabaki dugu”, adierazi du Erika Urangak, Plateruenetik.
Euskal kulturako esparru guztiak
Astean zeharreko ludotekaz gain, ekintza bereziak ere antolatuko dira umeen nahi eta interesen arabera. Irrien Lagunak Klubarekin elkarlanean burutuko dira ikuskizunak. “Euskaratik eta euskaraz, euskal kulturako esparru guztiak ezagutaraziko dizkie umeei,hau da, berdintasuna, errespetua, elkarrizketa, parekidetasuna, elkartasuna, askatasna eta ekologia sustatuz. Hilean behin izango dira ikuskizunak, Plateruenean, hileko lehenengo igandean eta arratsaldeko 17.00etan.
Irrien Lagunak Klubatik adierazi dutenez egitasmoak bost oinarri ditu, osasuna, natura, zientzia, kultura eta elkartasuna. “Oso garrantzitsua da Euskal Herrian gauzak elkarrekin egitea, bestela jai dugu. Ezinbestekoa da, gainera, proiektu hau Durangaldean sustatzea”, azpimarratu dute agerraldian.