Atxondoko Axpe elizateko elizaren atzealdera itzuliko da zapatuan Euskal Herriko Ardi Txakurren Txapelketa, iazkoa Garain ospatu ondoren. 55. edizioa beteko duen lehiaketa arratsaldeko 17:00etan hasiko da eta bertan Hego Euskal Herriko 12 ordezkari arituko dira, hiru artzain eta beste hainbeste txakur herrialdeko bakoitzetik.
Axpeko zelaian herrialde bakoitzeko txapeldunak arituko dira: Arabako Ilarduiatik Jose Maria Jauregi, ‘Negu’ txakurrarekin; Bizkaiko Zallatik Angel Barona, ‘Jai’rekin; Gipuzkoako Mutrikutik Javier Zubiaurre, ‘Mendi’rekin; eta Nafarroako Aresotik Antonio Alustiza, ‘Ttiki’rekin.
Aurten Iparraldeko ordezkaririk ez dagoenez, Hego Euskal Berriko herrialdeko bigarren eta hirugarren sailkatuak ere parte hartuko dute. Arabako bigarren ordezkaria Jauregi bera izango da, kasu honetan ‘Sua’rekin, eta hirugarrena Goiuriko Oihan Basterra ‘Lau’rekin.
Bizkaiko bigarren sailkatua Orozkoko Enrique Mendiguren izango da, ‘Laia’rekin, eta hirugarrena Abadiñoko Kepa Ardanza, ‘Urbi’rekin. Oñatiko Jose Mari Bengoa, ‘Eder’ekin eta Ataungo Aitor Tato, ‘Txato’rekin izango dira Gipuzkoako beste bi ordezkariak, eta Nafarroakoa Oronozeko Jorge Oteiza, ‘Lagun’ekin eta Etxarri Aranatzeko Jesús Raskin, ‘Mendi’rekin.
Txapelketa Atxondoko Udalak antolatuko du, Durangaldeko Mankomunitatea, Gerediaga Elkartea, Atx Azpi Elkartea, Urkiola Landa Garapenerako elkartea eta euskal artzain txakurren alde lan egiten duen EHATE-Euskal Herriko Artzain Txakurren Elkartea laguntzaile dituela.
Partaideek Roger Jauretxe baigorriarrak eta ‘Ximist’ txakurrak lortutako garaipenaren bila arituko dira.