Ordutegi desberdinetan helduko dira gaur eskualdeko herrietara Olentzero eta Mari Domingi. Leku batzuetan goizez eta besteetan arratsaldez, alaitasunez eta ilusioz beteko dituzte Durangaldeko ume guztiak, Gabon giroa bazter guztiera helaraziz.
Durango
Txoritxu Alai, Kriskitin eta Tronperri dantza taldeek, Iñurri Eskaut taldea, Txiri Txiri taldea, Tabira Musika Banda, Bartolome Ertzilla Musika Banda, Jaizale Txistu taldea eta Trikitixa eta pandero eskolako partaideekin osatutako kalejira egingo dute Olentzerok eta Mari Domingik 19:00etatik aurrera. Frai Juan Zumarraga institututik abiatuko den kalejirak Ermodo eta Zumalakarregi kaleetatik pasatuko da Andra Mariko elizpera gerturatu aurretik.
Amorebieta-Etxano
Udabarri Dantza Taldeak prestatuko du Zornotzako Olentzero eta Mari Domingiren harrera. Ekitaldia arratsaldeko 18:00etan hasiko da Herriko plazan eta bertan jasoko dituzte haur zornotzarren eskakizunak.
Elorrio
Nagusien eta Zumelegi erresidentzietan bizi direnak bisitatu ondoren, 18:00ak aldera helduko dira Olentzero eta Mari Domingi Herriko plazara. Harrera egin ondoren Besaide dantza taldeko dantzarien ekitaldia egongo da eta ostean umeen eskariak jasotzen jarraituko dute.
Abadiño
Olentzero abenduaren 16:30etan abiatuko da Traña Matienatik eta 19:00ak aldera Txanporta plazara iritsiko da.
Iurreta
11:30ean helduko dira Olentzero eta Mari Domingi San Migel plazara eta ondoren kalejira egingo dute trikitilariekin batera Askondoraino. 12:00etan harrera egingo zaie eta umeen eskariak jaso ondoren familia argazkia aterako dute bertaratzen diren guztiek.
Berriz
Auzoz-auzo ibiliko dira Olentzero eta Mari Domingi 9:30etatik aurrera. 17:30ean berriz, udaletxetik probalekura doan kalejira egingo dute eta bertan haurren eskakizunak jasoko dituzte.
Zaldibar
Eguerdian hasiko dute kalejira Olentzerok eta Mari Domingik, ekitaldia 12:00etan abiatuko baita Olazar kalean.
Mallabia
Zaparrada kultur elkarteak antolatu du Olentzerori eta Mari Domingiri egingo zaien harrera. Ekitaldia 18:30ean hasiko da Herriko plazan.