Irisgarritasun plana martxan jarri aurretik herritarren iritzia jasoko du Mañariko Udalak. Horretarako herri galdeketa egingo du datorren igandean, urtarrilaren 8an, eta bertan mañariarrek aukera izango dute lehentasunak zeintzuk diren argitzeko.
Galdeketa Udaleko udalbatza aretoan izango da, igandean goizeko 11.00etatik 14.00etara, eta arratsaldez 16.00etatik 19.00etara. Astelehenean ere mañarriarrek aukera izango dute euren iritzia emateko, goizeko 8.00etatik 10.00etara bitartean. Hitzordua 16 urtetik gorako herritarrentzat zuzenduta dago.
Endika Jaio Mañariko alkateak azaldu duenez, galdeketa “loteslea” izango da plana eratzeko orduan. “Foru Aldunditik diru-laguntza bat daukagu plana egiteko eta horretarako epeak bete behar ditugu. Baina egin aurretik herritarren lehentasunak zeintzuk diren jakin nahi izan ditugu”, aurreratu du Jaiok.
Irisgarritasun plana erdigunean eta eraikin publikoetan ezarriko da, eta lau fasetan egitea da asmoa. Baina Udaletik esan dutenez, “faseak aldatu egin daitezke herritarrek bozkatzen dutenaren arabera”. Irisgarritasun planak Mañariara ekarriko dituen abantailak herritarren artean zabaltzea izan da Udalaren helburua.
Boto-paperak postontzian
Planaren gaineko azalpenak emateko, etxez-etxe ibili da Udala. “Asko izan dira portaletan egin diren batzarretara hurreratu diren auzokideak, eta batzar zabalak ere egin dira herrian”, azaldu dute udal ordezkariek.
Igandeko herri galdeketarako, herritarrek postontzian jaso dituzte boto-paperak eta planaren gaineko informazio idatzia.
“Ez gaude halako ekimenetara ohituta, baina herritarren ahotsa entzuteko eta haien beharrei kasu egiteko pausu garrantzitsua da Mañarian eman dutena, dudarik barik”.