
Elorrioko Udalak eta Herri Ikastetxeko eta Institutuko zuzendariek eskolako olgeta gunea asteburu eta jai egunetan irekita mantentzea hitzartu dute. Akordio horren ondorioz, bertan dauden kirol instalazioek erabilgarri izango dituzte gaurtik aurrera herritarrek.
Erabaki horrekin, Udalak dituen baliabideen erabilera egokia bultzatu du, legeak horrelako guneen erabilera baimentzen duelako. Ideia hori gauzatzeko “nahikoa izan da eskura ditugun udal baliabideen aldeko apustua egitea”, Dani Palacios Kirol zinegotziaren esanetan.
Hezkuntza sailarekin lotutako hitzarmena “udara arte iraungo duen froga pilotua” izango da Palaciosen hitzetan eta, momentuz, abuztuaren 31ra iraungo du. “Dena ondo badoa, hitzarmena luzatzea eskatuko diogu”.
Lortutako akordioari esker Elorrioko kirolzale askok “aspalditik aldarrikatzen zutena lortu dugu”, Txus Arrieta Hezkuntza arloko zinegotziak azpimarratu duenez. Horregatik, eta ikastetxeetako zuzendaritzak eskainitako erraztasunengatik, “eskerrak eman nahi dizkiegu Udaletik”.
Orain arte, herritarrek ezinezkoa zuten ikastetxeko patioa eta bertan dauden saskibaloi, minibasket eta futbito jokalekuak erabiltzea. Gaurtik aurrera, elorriarrek eskuragarri izango duten kirolgunea, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 20:00ak bitartean egongo da irekita.
Nuestra familia hoy irá a disfrutar de la cancha de basket. Eskerrik asko!