Karmele Gisasola ‘Zelai III’ak gaur arratsaldean piztuko duen txupinazoak jaiei hasiera ofiziala eman aurretik, hainbat ospakizun egongo dira egunean zehar. Aurtengo Andra Mari eta San Roke jaietan, Basajaun, Luhartz edo Amak musika taldeen emanaldiez gain, paella eta marmitako lehiaketak, harri-jasotze txapelketa, pilota partiduak eta kale animazioa izango dute protagonismoa.
Ospakizunak gaur goizean hasiko dira mezarekin, Mallabiko Trikitilarien ekitaldiarekin eta eguerdian Alkate txikiak piztuko duen txupinazoarekin. Umeen egunari jarraipena emateko haur parkea, bits festa eta Les Enfants kale-antzerki konpainiaren ekitaldia egongo da. 19:00etan piztuko den txupinazoarekin “herri kiroletan egindako palmares handia” eta “emakumezkoen kategorian kirol honen aitzindari” izatea aitortuko diote ‘Zelai III’ari. Ondoren, txokolatada egongo da.
Gauean, profesionalen arteko pilota partidak izango dira, eta lehengoan Elordi-Morgaetxebarria eta Arteaga II-Larunbe izango dira aurrez-aurre, eta bigarrenean Artola-Albisu eta Jaka-Imazen norgehiagoka izango da. 23:00etan erromeria hasiko da parkean Basajaun taldearekin.
Harri-jasotze saria
11:00etan emango den mezarekin eta amaieran Mallabiko dantzariek eskainiko duten ekitaldiarekin abiatuko dira bihar Andra Mari eguneko ospakizunak. Arratsaldean tute txapelketa eta Gizonezkoen XXXII. eta Emakumezkoen II. Harri-jasotze Saria-Harri txikia egingo da.
Gizonezkoek 100 kiloko zilindro zaharra eta 100 kiloko bolarekin arituko dira. Partaideak Mikel Lopategi ‘Urra’, Xabat Olaizola, Iraitz Arruti, Hodei Iruretagoiena ‘Izeta IV’, Imanol Royo ‘Lartain’ zarauztarrak, Paulo Azpiazu osintxuarra, Jon Gisasola ‘Zelai V’ mallabitarra, Petre Bulgarea errumaniarra eta Enrique Largo madrildarra izango dira.
Emakumeek, 62,5 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabiliko dute. Partaideak Lierni Osa eta Ainitze Zumeta zarauztarrak, Karmele Gisasola ‘Zelai III’ mallabitarra, Udane Ostolaza oriotarra, Marina Blanco palentziarra eta Patricia Martín El Ferrolekoa izango dira.
Eguna borobiltzeko, ‘Ricky teniseko irakaslea’ kale-antzerki ikuskizuna eta Amak taldeak eskainitako kontzertua egongo dira.
Martitzenean amaituko dira Mallabiko jaiak, San Roke eguna ospatuz. Goizeko 11:00etatik aurrera paella eta marmitako lehiaketak egingo dira eta eguerdian meza emango da. 14:15etan jubilatuentzako bazkaria egongo da eta bazkalondoa Txolin mariatxiaren girotuko du. Arratsaldean, koadrilen arteko jolasak eta txahal errearen pintxoak eta sagardoa izango dira eskuragarri eta jaiei amaiera emateko Luhartz taldearekin erromeria egongo da.