Elorrioko Udalak herrian dagoen lana sektoreka aztertu eta dagoen langabezia modu erabilgarri batean sistematizatuko du. Datu horrekin hurrengo hilabeteetan gauzatu nahi duen Enplegu Plana garatu nahi du, lan aukera eta baldintzak hobetzeko dituen potentzialitate eta ahulguneak identifikatuz.
Plana landu aurreko azterketa berrikuntza sozialerako Hiritik At kooperatibak egingo du. Jasotako datuek, enplegua sustatzeko baldintzen azterketa modu erabilgarri batean ekoiztu eta antolatzea ahalbidetuko dute, ondoren emango diren erabakientzako helduleku ziurra bilakatzeko. Aurrerago, sektoreka eta langabetu multzoak kontutan izanda, esku hartze konkretuak proposatuko dira.
Ekimen honekin, Gobernu taldeak “apustu irmoa egiten du Elorrioko ongizatearen alde eta iraunkorra eta kalitatezkoa den lan sorreraren alde”, Txus Arrieta, Gizarte arloko arduradunaren esanetan.
Enplegu Plana izan aurretik “gure herriak daukan potentzialtasuna eta ezaugarriak ahalik eta modu zehatzenean ezagutu nahi ditugu, eta, horretarako, Elorriorako espreski diseinatuko den estrategia bat behar dugu”, Arrietak azpimarratu duenez.