Bizkaian eta batez ere Berrizen bertan erabiltzen diren hitz propioak batzeko asmoa duen ‘Berbalapiko’ kanpaina hasi du Berrizko Udaleko Euskara sailak. Ekimen horren helburua hiztegi bat sortzea da, herriko gazte eta adinekoekin partaidetzarekin.
Herriko hizkeran erabiltzen diren hitz zaharrei esanahi gaurkotua eranstea eta berba horrek erabiltzeko asmoa agertu dute ekimenaren eragileek. “Horretarako, gure gazteak, ikasleak, herriko aitite-amamekin eta euskaldun zaharrekin egongo dira,ahalik eta berba gehien jasotzeko eta zabaltzeko” azaldu dute arduradunek.
Izan ere, kanpainarako egindako iragarkian, umetan etxean erabilitako hainbat berba azaltzen dira baina gaur egun eskolan, kalean edo lagunartean erabiltzen ez direnak.
Horregatik, sortuko den hiztegia “herritarren ekarpenekin osotuko da eta Berrizko aditz-forma erabilienak gaineratuko dira”, eragileen esanetan. Ondoren, hiztegi hori ikasle guztiei banatuko zaie, eta parte-hartzaile guztien artean, opariak zozketatuko dira.
‘Berbalapiko’ ekimena gauzatzeko, Berrizko Udalak ekarpenak bidaltzeko gonbita egin die herritarrei, euskara@berriz.eus helbidearen bitartez.