
Erdoitzako baselizan emandako mezarekin eta Mendigain dantza taldeak jarraian eskainitako saioarekin ekin diote gaur goizean Izurtzan jaietako bigarren asteburuari. Ospakizunak domekara arte jarraituko dute eta bihar arratsaldean egingo den tortilla txapelketa izango da ekitaldi erakargarrienetakoa.
Gaur arratsaldeko protagonista nagusiak umean izango dira, 16:00etatik aurrera beraientzat prestatutako jolasak eta ‘Berdinbidean Bizkaia 2017’ ekimenak kudeatutako kontu kontalariak izango baitira.
XXVI. edizioa beteko duen Mendi bizikleta martxarekin hasiko dira biharko ekitaldiak goizeko 9:30ean. Arratsaldeko 18:00etan igel txapelketa hasiko da eta ordubete geroago tortilla txapelketa arrakastatsuari ekingo diote. Partaideek iluntzeko 20:30ean aurkeztu behar dituzte prestatutako tortillak eta ordu bete geroago afari herrikoia egongo da. Luhartz taldeak girotuko duen erromeriarekin osotuko da eguneko egitaraua.
Domekan ospatuko duten Santo Tomas eguneko ekitaldiak goizeko 10.00etan hasiko dira Jaizaleko txistularien kalejirarekin. Ordu bete geroago meza emango da Santo Tomas baselizan eta jarraian Mendigain dantza taldearen ekitaldia, Manu Goiogana eta Oihana Iguaran bertsolarien agerraldia eta Gorriti eta bere abereen saioa egongo dira bertan.
Jubilatuek egingo duten bazkariarekin eta arratsaldeko 17:00etan Argintxu elkartean jokatuko den mus txapelketarekin amaituko dira aurtengo ospakizunak