
Eskualdeko zein Euskal Herriko osoko hainbat pertsona ezagun, elkarte, sindikatu eta gainerako erakundek bat egin dute ‘Orain ardura–Ahora responsabilidad’ ekimen eta manifestuarekin. Ekimenaren eragileek “AHTren proiektuak geldiarazteko” eskakizuna egiten diote erakunde eta administrazio publikoei eta horretarako hainbat argudio aipatzen dituzte.
Igor Elortza, Miren Amuriza, Zigor Iturrieta, manifestua irakurri zuen Oihana Azkorbebeitia, Eñaut Elorrieta eta beste dozenaka pertsona eta elkartek gogoratzen dute Espainiar estatua dela “abiadura handiko trenbideetan kilometro gehien duen herrialdea, mundu mailan ekonomikoki boteretsuenak direnen aurretik kokatzen delarik”. Hala eta guztiz ere, “erabilera mailari dagokionez azken postuan kokatzen da, kilometro bakoitzeko bidaiari-ratio txikiena baitu”. `
AHTaren obrek suposatzen duten diru kopurua, gaur egun bizi den koronabirusaren osasun-larrialdi garaian, kontuan hartzea beharkoa dela uste dute. Horren adierazgarri jartzen duten Gasteiz eta Iruñea arteko AHTren zatiaren kostuarekin “Eibarren duela urte eta erdi inauguratu zen ospitalea bezalako beste 32 eraiki litezke”.
Gainera, “Gobernuek AHT bezalako azpiegitura handietan, inbertsio erraldoiak egin dituzten bitartean, murrizketa handiak izan dira bizitzarako oinarrizkoak diren hainbat alorretan, hala nola Osasunean eta Gizarte Zerbitzuetan”, azpimarratzen dute.
Egungo egoeraren aurrean, “AHTren obrak berehala etetea eta bere proiektu berriak bertan behera uztea” eskatzen dute eta “egun daukagun ohiko tren sarea mantentzea eta hobetzea bultzatzen dugu guztiontzako moduko garraiobidea izan dadin”.