
Mañariako 40 herritarrei egindako elkarrizketak eta 150 argazki inguru biltzen ditu Txelu Angoitiak egin duen ‘Mañaria, harrizko herria’ liburuak. Liburua ostiralean aurkeztuko dute herritarren aurrean, hain zuzen, Errose Bustintza Kultur Etxean arratsaldeko zazpietan izango den ekitaldian.
Angoitiak argitaratu duen liburuko protagonistak mañariarrak dira, egileak “beraien herriari buruz duten iritzia” islatu nahi izan duelako. Egilea “Mañariko gaur egungo argazki bat osatzen” ahalegindu da 40 herritarrei egindako elkarrizketekin, azken asmoa “jendeak liburua irakurtzea delako”.
Liburuan gaur egungo eta aspaldiko pertsonaiak agertzen dira, herrian jaio eta bizi direnez gain, herritik kanpo bizi diren mañariarrak edo kanpoan jaio eta gaur egun Mañarian bizi direnak. Ebaristo Bustintza ‘Kirikiño’, Errose Bustintza ‘Mañariko, Enrique Huerta, Mikel Urizar, Bautista Onaindia ‘Treinta’, Julian Gorospe, Mikel Bizkarra edo Juan eta Karmelo Bilbao dira agertzen direnetariko zenbait herritar.
Angoitiak kontuan izan du “herriei buruz egiten diren liburuak, normalean, nahiko abstraktuak” direla, eta horregatik, zuzeneko testigantzez gain herriko natura, historia, ondarea eta zenbait bitxikeriekin tartekatu ditu liburuak dituen 160 orrialdeetan. Historiaurrea, kobak, harrobiak, jaiak eta ohiturak, ondarea edo Bizkaiko azken hartza bezalako gaiak bere tokia dute liburuan.
Herritarren begirada
Mañariako Udalak 2013an ekin zion ideia hau gauzatzeari eta herriko alkatea den Endika Jaioren esanetan “gure asmoa XX. eta XXI. mendeetako historia gogoratzea izan da, herriko jendearen begiradatik”. Ahalegin horretan urtebete baino zertxobait gehiago eman du Angoitiak, elkarrizketak eta argazkiak egiteaz gain zenbait artxibo eta familiatik lortutako argazki zaharrak bilatzen ere jardun delako.
‘Mañaria, harrizko herria’ liburua egiteko 20.000 euro jarri ditu Mañariako Udalak eta argitalpena gauzatzeko Gerediaga elkartea eta Global enpresaren laguntza izan du. Guztira 500 ale argitaratu dira eta aleak salgai egongo dira 10 euroren truke Mañariko liburutegian eta 15 eurotan Durangoko zenbait liburu-dendetan.