
Azken hilabeteetan euskararen kontra areagotu diren erasoak “ondo diseinatutako estrategia” direla uste du Zarate durangarrak
-Euskalgintzaren Kontseiluaren iritziz ‘Oldarraldi judizial’ baten aurrean gaude. Hala dela uste duzue?
-Bai, argi eta garbi eta ematen du hurrengo hilabeteetan ere erasoak jasotzen jarraituko dugula. Hau ez da gauza puntual bat, ondo diseinatutako estrategia bat baizik. Gainera ez da ahaztu behar epaile jakin batzuen jarreraz aparte, helegiteak jartzen dituzten konplizeak ere badaudela. Honetaz asko dakite sindikatu eta alderdi batzuek.
-Euskal Herrian Euskarazek sarritan salatu du hizkuntza eskubideen urraketa. Orain, euskal alderdi, sindikatu eta hainbat eragilek bat egin dute Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako ‘Oldarraldiaren aurrean: euskararekin bat, euskaraz bat’ manifestazio jendetsuarekin. Zer aldatu da?
-EHEk eta euskalgintzak hizkuntza eskubideen urraketak salatzen ditu eta salatuko ditu eta baita euskaraz lan egiteko eskubidea dugula defendatzen du gehiengo sindikalarekin batera. Azken hau da gakoetako bat gure ustez. Oraingoan ohituta geundena baino urrutiago joan dira hizkuntza eskakizunak atzera botaz eta udal legea bera kolokan jarriz, udalei euskara hutsez aritzeko aukera zabaltzen dien araua ezeztatuz. Horrek alderdi, sindikatu, elkarte eta herritar gehiagok kontzientzia hartzea eta mugitzea ekarri du.
-Manifestazioaren arrazoietako bat izan zen azken hilabeteetan euskararen aurkako ohiko neurriak baino gehiago hartu direla. EHEko kideok bat egiten duzue iritzi horrekin?
-Aspalditik zeuden arrazoiak euskalgintza eta euskaltzaleok kalera ateratzeko baina azken hilabeteetako eraso kateak egoera gaiztotu du. Ez da ahaztu behar kasu honetan euskararen herriaren zati bati buruz ari garela batez ere eta Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian erasoak eguneroko ogia direla.
-Euskal alderdien jarrera bateratua inflexio-puntua izan daiteke?
-Izan beharko litzateke eta hori horrela izan dadin eragiten saiatuko gara. Itun politiko eta sozial eraginkor bat behar du euskararen normalizazioak. Hala ere mesfidantzarako ere badaude argudioak. Hezkuntza legearekin gertatu denak belaunaldi berrien euskalduntzea baldintzatzen du adibidez eta iraganeko akatsak errepikatzen dabiltza.
-Auzitegiek hartutako erabakiek aurrez aurre egiten dute EHEk aldarrikatzen duen euskararen normalizazioarekin?
-Auzitegietan erabaki horiek hartzeko irrikaz daude batzuk, baina CCOO edo UGT-k lan eskubideen aitzakiapean salatutako hizkuntza eskakizunek errazten diete bidea. Euskara normalizatzeko, hizkuntza gutxitua den heinean, lehentasunezko trataera emango dioten hizkuntza politikak aplikatu behar dira.
-Abenduaren 3an Euskararen Eguna da. EHE-rentzat ospatzeko edo aldarrikatzeko eguna izango da?
-Guk euskararen egoera aldarrikatzeko egun bat dela esan ohi dugu beste egun guztietan bezalaxe. Hori bai, toki ezberdinetan eguna ospatu nahi dutenekin batera aritzeko ez daukagu arazorik.
-Durangaldean, Euskal Herriko leku gehienetan bezala, euskararen ezagutza gorantz doa. Erabilera da arazoa?
-Ezagutza gorantz doa baina lehen baino motelago eta Hezkuntzan hartuko diren neurriek ez dute lagunduko horretan gainera. Euskaldunon aktibazioa bultzatu behar da eta erabilera sustatzeko ekimenak egin behar dira nola ez, baina erakundeetatik gehiegi errepikatzen den mezu bat da erabilera dela arazoa, herritarron gain jarriz zama.
Orain arteko lege proposamenak ez al zekarren euskararen normalizaziorako oztoporik? Orain agertu dira normalizaziorako traba berri eta bakarrak? Txor-pre-txa? Siglekiko larregiko menpekotasunak ikuspegi integraletik aldentzen gaituela bista geratu da.