
Zornotzako Montorra auzoak San Lorenzoak, auzoko jaiak, ospatzen ditu aste honetan. Horretarako hiru jai egun antolatu dituzte ekintza desberdinekin, txapelketak eta asto-probak izango dira, dena musikaz girotuta.
Bolandera jaurtiketarekin hasiera emango zaie bihar jaiei arratsaldeko 20.00etan. Ondoren, hirugihar jana izango da. Asteazkenean, goizeko 11.30etan txistulariekin batera ermitara igoera izango da 12etako mezarako. Ondoren Uxarteko sagardoa dastatzeko aukera egongo da trikitilarien musikaz girotuta.
Eguerdian porra txapelketa antolatuta dago eta arratsalderako umeentzako jolasak egongo dira. Iluntzean, asto-pobrak pisu librean antolatu dituzte. Lotxo taldearen erromeriak emango dio egunari bukaera.
Ostegunean auzoko hildakoen aldeko meza izango da 12.30etan. Eguerdian rana txapelketa lokala antolatu dute. Gauerako asto-pobren finala izango da, eta zortzi sari banatuko dira, 350 eta 240 euro bitartean. Gauerdian Titau taldearen eskutik erromeria izango da. Eta jaiei bukaera emateko, ordu bietan txokolatada egongo da.