‘Preso eta iheslariak Euskal Herrian aske!’ goiburuarekin egingo da gaur eta bihar Abadiñoko Zelaieta eta Traña-Matiena auzoetan Elkartasun asteburua. Egitarauan hitzaldiak, bazkari herrikoia eta musika kontzertuak tartekatuko dira eta ekimena “herrian preso eta iheslaririk izan gabe egingo dugun lehena” izango da antolatzaileen arabera.
Elkartasun asteburua gaur Zelaietako Txanporta kultur etxean izango den hitzaldiarekin hasiko da. 19:00etatik aurrera egongo den berbaldian ‘Euskal iheslari eta deportatuen historia eta gaur egungo egoera’ izango dute hizpide Mikel Kortak eta EIPK-ko bozeramailea izandako Xabier Susperregik. Hitzaldiaren ostean luntxa egongo da.
Biharko egitaraua eguerdiko 13:00etan Traña-Matienako frontoitik abiatuko den manifestazioarekin abiatuko da. 14:30ean Elkartasun bazkaria egingo da eta bazkalostea bingo musikalarekin girotuko dute.
Arratsaldeko 19:00etan Zaratak 18 elektrotxarangaren kalejira abiatuko da frontoitik auzoko tabernetako giroa alaitzeko. Elkartasun egunari amaiera emateko musika kontzertuak egongo dira 21:30etik aurrera Zalduerrekan, lehenago Motxoia zen tabernan Rise Up, State Alerta eta Baske Street Boys taldeek joko baitute.