
Identitatearen eta migrazioren fenomenoak landuko dira Elorrion hilabete honetan, bigarren urtez egingo den ‘Urriko Martitzenak’ ekimenaren baitan. ‘Mundutik Elorriora, Elorriotik Mundura’ dinamikaren bigarren fasea zenbait adituk eskainitako hitzaldiekin eta tailerrekin osatuko da.
Prestutako ekimenen bidez, migrazio fenomenoaren iturburua ezagutzeko lan pedagogikoa egin nahi dute Elorrion, “folklorismo eta paternalismotik” urrunduta. Egingo diren tailerrak eta hitzaldiak identitatea eta migrazioa izango dute hizpide.
Euskaldunak emigrante
Hitzaldi zikloa urriaren 9an hasiko da, Mario Zapata soziologoarekin. Gaur egun Euskal Herrian ematen den immigrazioaren datuak aztertu eta euskaldunok emigrante gisa kokatzeko ariketa egingo da ‘Migrazio kontzeptuari hurbilketa’ hitzaldiarekin. Gainontzeko ekintzak bezala, 19:00etan hasiko da, eta udaletxeko areto nagusian izango da. Euskaraz egingo den arren, gaztelaniarako bat-bateko itzulpen zerbitzua eskainiko da.
Aste bat geroago, urriaren 16ean, Jon Maia bertsolari, idazle edota dokumentalgileak hartuko du hitza ‘Berriak jaio ginen’ hitzaldian. Saio hau ere udaletxean izango da.
Urriko hurrengo bi astearteetan, 23an eta 30ean, ‘Zurrumurruak ekiditeko tailerra’ antolatu da. Amekadi elkarteak gidatutako duen ekimenak, aurreiritziak eta estereotipoak deseraikitzeko eta elorriar berrien bizimodua inguratzen duten adierazpen kulturalak ez gutxiesteko helburua du. Azken tailer hau Iturri kultur etxean egingo da, eta aurreko ekintzetan bezala, 19:00etan hasiko da.
“Migrazio fenomenoaren iturburua ezagutzeko lan pedagogikoa egin nahi dugu, enpatia sortzeko lana, aurreiritziak eta estereotipoak deseraikitzeko lan bat, bizilekua aldatzeak sortzen dituen arazoen gaineko hausnarketa lan bat, beste lekuetatik heldu diren problematika, kultura eta errealitate ezberdinei hurbiltzeko lan bat”, adierazi du Txus Arrieta Gizarte arloko zinegotziak.