
Literatura eta arte horren inguruko sorkuntza hizpide dituen ‘Hitzez eta ahotsez’ ekimenak seigarren edizioa beteko du aurten. Urteroko egitarauan ohikoak diren hitzaldi, solasaldi dialogiko, ipuin kontaketa eta jendaurreko irakurraldiaz gain, publikoan hitz egiteko formazio saioa ere tartekatu dute jardunaldien eragileak.
Beldur eszenikoari aurre egiteko teknikak eskainiko dituen prestaketa saioa EHUko irakaslea den Julen Orbegozok emango du. Ekitaldia maiatzaren 2an izango da, arratsaldeko 19.00etan Plateruena antzokian.
Lansaio horrek maiatzaren 10ean areto berean egingo den jendaurreko irakurraldi girotua prestatzeko balioko du. Aurtengo ‘Hitzez eta ahotsez’ ekimena agurtuko duen ekitaldia arratsaldeko bostetan hasi eta gauerdian amaituko da eta saioa hasi aurretik bazkaria egingo da.
Jendaurreko irakurraldia parte hartu nahi duen edonori irekita dago eta partaide bakoitzak pare bat minutuko tartea izango du aldez aurretik egokitutako edo sortutako testua eskaintzeko. Irakurraldian lehenengoz parte hartu nahi dutenek hitzezetaahotsez@gmail.com helbidean izena eman behar dute.
Uxue Alberdiren hitzaldia
‘Joseba Sarrionandia’ (2014), ‘Itsasoa’ (2015), ‘Durangaldeko idazleak’ (2016), ‘Bidaia’ (2017) eta ‘Lurra’ (2018) izan badira aurreko edizioetako gaiak, aurtengoan ‘Askatasuna’ izango da hizpide eta Uxue Alberdik esakiniko duen hitzaldiarekin hasiko da. Saioa urtarrilaren 18an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Durangoko Arte eta Historia Museoan, eta ‘Bertsoraino’ izenburuko berbaldian argitaratuko duen hurrengo liburuaren aurrerapena emango du Alberdik. Solasaldiko aurkezle lanak Ane Arbeok egingo ditu.
Otsailaren 14an eta martxoaren 14an aurtengo bi solasaldi dialogikoak egingo dira Bizenta Mogel Bibliotekan, kasu bietan arratsaldeko 19:00etan hasita. Edizio honetako egitaraua apirilaren 12an areto berean egingo den ipuin kontaketa saioarekin osotuko da. Dorleta Kortazar ipuin kontalariak eskainiko duen saioak ‘Berba kateatuak’ izango du izenburu.