LGTB kolektiboaren sexu askatasunaren nazioarteko eguna ekainaren 28an ospatzen dela eta, homofobiari buruzko erakusketa antolatu du Elorrioko Udalak. Iturri Kultur Etxean ekainaren 20tik 30era ikusgai egongo den mostra hau Aldarte-Gay, lesbianen eta transexualen atentzio zentroarekin elkarlanean egingo da.
“Homofobia iraganeko kontua da. Sexu eskubideak = giza eskubideak. La homofobia ya es historia. Derechos sexuales = derechos humanos” izeneko erakusketa 13 panelek osatzen dute.
“Sexu eskubideak giza eskubide direla” abiapuntu hartuta, “Giza eta Sexu eskubideak unibertsalak direla” gogoratzen da, hau da, “batak zein besteak garrantzi bera dutela eta ez daudela kultur tradizioen edo sinesmenen mende”.
Jarritako paneletan sexu aniztasunarekiko eta LGTTBIenganako (Lesbiana, Gay, Transexual, Transgenero, Bisexual eta Intersexual) fobia munduan zehar zabalduen dagoen gorrotoetako bat dela eta “zenbait herrialdetan, oraindik ere, LGTTBIak jazarri eta hil egiten dituztela” gogoratzen da.
Erakusketan jarritako paneletan, LGTTBIei giza eskubide funtsezkoenak bizitzeko eta aske izateko eskubideak ukatuz jarraitzen duten estatuak aipatzen eta salatzen dira eta LGTTBIak jazartzean eta erasotzean “gizatasuna galtzen dugula” aldarrikatzen da.
Erakusketa bisitatzeko ordutegia 9.00etatik 21.00ak arte izango da.