
Mañariako egoitzan antolatzen dituen erakusketen dinamikotasuna eta ikusgarritasunari eusteko asmoarekin, krustazeoen edo oskoldunen bilduma berritu du Hontza Natur Zientzien Museoak. Prestatutako erakusketak “krustazeo hauen edertasuna eta bitxikeriak” deskubritzeko aukera eskaintzen du, erakustoki horretako arduradunen esanetan.
Oskoldun espezieak ardatz duen erakusketak, bertako erreketako karramarroa, karramarro autoktonoa alegia, ezagutzeko aukera eskaintzeaz gain, oskoldunen familietako aleak arrak edo emeak diren desberdintzen ikasten ahalbidetzen du.
Hontza Museoak prestatutako bildumak karramarro bibolin jolea eta eskorpioi itxura duen karramarroa ezagutzeko aukera ere eskaintzen du, baita benetako lanperna eta lanperna faltsua desberdintzen ere.
Krustazeoen edertasuna eta bitxikeriak deskubritzeaz gain, Hontza Museora gerturatzen direnek bertara heldu berria den Bennet-eko Ualabia edo Australiako lepo gorriko Ualabia ikusi eta ezagutzeko aukera ere izango dute.
Jarri berri den erakusketak jarraipena ematen die aldez aurretik egindako beste aldaketa eta berrikuntzei. Orain arte, besteak beste, moluskuen, itsas-munduarekin lotutako espezieak, knidarioak, geologia edo paleontologiari eskainitako mostrak jarri dituzte ikusgai, eta hemendik aurrera “orain arte erakutsi ez diren beste batzuk” prestatuko dituzte.
Informazioa gehiagorako, Hontza Museoaren web orria (www.hontzamuseoa.eus) edo facebook-eko profila (https://www.facebook.com/hontzamuseoa) bisitatu daitezke.