
Abadiñoko Zelaieta auzoan barikuan hasiko diren San Trokaz jaietan musika kontzertuak izango badira ardatz nagusia, kirola, folklorea, kale animazioa eta herriko bazkariak ez dira faltako maiatzaren 21era bitartean izango diren ospakizunetan.
San Trokaz jaiak, barikuan, 19:00etan, abiatuko dira Gerbasek txistulariek lagunduta egingo duen kalejirarekin eta San Trokaz plazan egingo den dantza ekitaldiarekin. 21:30ean hasita, Deabru Beltzak konpainiak ‘Su Danborrak’ kale-ikuskizuna eskainiko du Azokan, zuzeneko musika, piroteknia eta efektu bereziak uztartuz.
Zapatuan ‘Gazte Eguna’ ospatuko dute, ume eta gazteentzako jarduera ugarirekin, eta goizean zehar ‘Emozio parkea’ jarriko da frontoian, herri bazkaria eta jolasak egongo dira Azokan, eta eguerdian kalejira egingo du Muñatones otxoteak. Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Broken Brothers Brass taldea izango da kalejira egingo duena.
Egunean zehar txirrindularitza lasterketa eta Tornosolo trinketean jokatuko den San Trokaz pilota txapelketa ere izango dira. 21:30etik aurrera Raimundo el Canastero nafarren, eta Mocker´s eta Nevadah talde durangarren kontzertuak egongo da Txanporta plazan.
Mugikortasun segurua bultzatzeko, udalerriko gazteentzat batez ere, udalak gaueko autobus zerbitzua eskainiko du zapatuan Muntsaratz eta Traña-Matiena artean, 22:00etatik 3:30era.
Domekako ekitaldiak, Abadiñoko emakume artisau–sortzaileak elkarteak antolatutako Artisautza azokarekin abiatuko dira. 17:30ean, Azokan, familiei zuzendutako ‘Petitxou’ ikuskizuna eskainiko da, eta 19:00etan Herri Maite akordeoi taldearekin, kontzertua emango du San Trokaz elizan.
Astelehenean ospatuko den San Trokaz eguneko ekitaldiak, ezpatadantzariek eta iruleek plazan eskainiko duten emanaldiarekin hasiko da. Arratsaldean berriz, erromeria egongo da Trikizio taldearekin Txanporta plazan.
Ruper Ordorika 19an
Hurrengo barikuan, maiatzaren 19an, emango diote jarraipena ospakizunei. Txanporta plazan diskofesta egongo da, Tornosolo trinketean 22 urtez azpikoentzako eskuz binakako pilota partiduak jokatuko dira, eta 22:00etan, probalekuan, Ruper Ordorikaren kontzertua egongo da. Sarrera librea izango da, baina gonbidapenak jaso beharko dira Mediatekan.
Zapatuan, 12:30ean, Euskal Ezkontzaren antzezpena egingo dute trikitilariek eta erraldoiek lagunduta San Trokaz plazan, eta jarraian ohiko herri bazkaria hasiko da. Arratsaldean, Julivertek eskainitako kontzertua egongo da 18:30ean Txanporta plazan, eta 21:30ean Huntza arituko dira. Amaitzeko, Dj Bullen saioa egongo da.
Aurtengo San Trokaz jaiak maiatzaren 21ean amaituko dira, Azokan egingo diren jolas tradizionalekin eta gazteen herri kirolekin. 18:00etan kalejira eta alardea egongo dira Txanporta plazan, umeentzako Talde Batuak taldearekin, eta ondoren txokolate-jana egingo da. 20:00etan San Trokaz jaien amaiera etorriko da Gerbasen agurrarekin.