
Elorrion egingo diren Gabonetako ospakizunak bihar herriko ikastetxeetako ikasleek herriko plazan egingo duten Santo Tomas feriarekin hasiko dira. Haurrek eta gazteek goizeko 11.00etan jarriko dituzte euren postuak eta salerosketak egiteaz gain, bertsoak eta Gabon kantak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Azken urteetan ohitura bilakatu den San Txibiri lasterketa Gabon egunean ospatuko da, hau da abenduaren 24an. Goizeko 11.00etan umeen lasterketa hasiko da eta helduena ordu bete geroago.
Gabon egunean Olentzero eta Mari Domingi izango dira protagonista nagusiak eta herriko ongintza zentroan dauden pertsonak bisitatu ondoren, Herriko plazara helduko dira arratsaldeko 17.00etan. Ordu bete geroago, Besaide dantza taldearen saioa egongo da.
Eguberri egunean Basilikako Koruaren emanaldia egongo da 12.00etako mezan.
Haur parkeak
Abenduaren 26, 27 eta 28an eta urtarrilaren 2, 3 eta 4an haur parkeak egongo dira kiroldegiko frontoian, 2 eta 10 urte bitarteko umeentzat. 11 eta 16 urteko gazteentzat berriz, parke multimedia jarrik da elizpean abenduaren 27 eta 28an eta urtarrilaren 2 eta 4an.
Abenduaren 29an ‘Pupu eta Lore Aitona Manolorekin’ ikuskizuna izango dute ikusgai umeek Arriola Antzokian.
Urte zaharrari agurra eta urte berriari ongi etorria, mendira egingo diren irteerarekin ekingo diote elorriarrek. Erdella mendi taldeak 31rako antolatutako ibilaldiak Gongeta eta Atxaurrutxaganera helduko da eta urte berriko igoera Erdella mendira egingo da.
Urtarrilaren 5ean egingo den Errege magoen kabalgatarekin osatuko dira Gabonetako ospakizunak. Ekialdeko magoek ongintza zentroek bisitatuko dituzte lehenik eta 17.30etatik aurrera Herriko plazan egongo dira.