
Berrizko Oka Kultur Elkarteak ikastetxeetako jantokien inguruko hitzaldia antolatu du datorren astelehenerako, hilak 15 arratsaldeko seietarako. Berriko Kultur Etxean ‘Eskola jantokiak, alternatibak’ goiburuarekin burutuko den solasaldian Larrabetzu eta Urduñako ereduak aztertuko dituzte, besteak beste.
Ekimen honekin ikastetxeetako jantokien kudeaketaren inguruan sortutako eztabaidaren inguruko hausnarketa eragitea nahi dute antolatzaileek. Beraien esanetan “eskola gehienetan kanpoko ‘catering’ zerbitzuen esku geratzen dira otorduak, baina badira beste eredu batzuk martxan dituzten zentroak ere”.
Ekitaldian ‘catering’ zerbitzua alde batera utzi duten ereduak ezagutzeko aukera izango da. Uxue Arbek Euskal Autonomia Erkidegoko jantokien egoeraren berri emango du, eskola publikoetako jantokiei buruzko ikerketa egin baitu eta gaur egun dauden eredu desberdinak ezagutzen ditu.
Arberekin batera Larrabetzuko eta Urduñako eskoletako jantokietako arduradunak izango dira. Larrabetzuko eskolaren kasuan “guraso elkartearen esku dago jantokiaren kudeaketa” eta Urduñan antzerako kudeaketa lortzeko bidean daude, “herriko ekoizle eta merkatarien produktuak erosten dituzte eta ondoren eskolan bertan sukaldatu”, antolatzaileek zabaldutako informazioaren arabera.
Ondorengo solasaldian gurasoek dituzten zalantzak erantzungo direnez, antolatzaileek Larrabetzuko ereduaren nondik norakoak aldez aurretik ezagutzea komeni dela azpimarratu dute. Eredu horren berri http://www.larrabetzukoeskola.org/jantokia/ web orrian aurki daiteke.
Eskoletako jantokietako zerbitzua pil-pilean dago egun hauetan Lehiaren Euskal Agintaritzak 18 milioi euroko izuna jarri dizkielako ‘catering’ zerbitzua ematen zuten zortzi enpresei, hamar urtetan prezioak adostu zituztelako.