Gerediaga Elkarteak ikus-entzunezko bi lan eta idatzizko ikerketa bat nabarmendu ditu lehenengo aldiz antolatutako Ikerlari Gazteen Sarian. Guztira 36 lan aurkeztu dira, eta epaimahaikideek Peio Martin Estevez, 17 urteko zornotzarra, Ibone Gomez Tamayo, 18 urteko zaldibartarra, eta Adrian Burgada Ereño, 29 urteko durangarra saritu dituzte.
Peio Martinen ‘Elkarrizketa amamarekin’ ikus-entzunezkoak Andaluziatik Euskal Herrira bizitzen etorritako amamaren bizipenak jasotzen ditu. Epaimahaiak gaiaren ausardia eta “pertsonaia nagusiaren aukeraketa ere borobila izan dela nabarmendu du: gertukoa eta hunkigarria ”, Gerediagatik adierazi dutenez. Gainera, “lekukotzaren balio historikoaz aparte, teknikoki – gidoia eta muntaia kontuan hartuta – ondo egindako lana da”, azpimarratu dute.
Ibone Gomezek aurkeztutako ‘Euskal bidaiariak’ Durangaldeko herri ezberdinetatik bidaia egitea proposatzen du eta herri bakoitzeko leku esanguratsuenak aurkezten ditu. Epaimahaikideek formatua nabarmendu dute saria emateko, “lana ikuserraz egiten duelako. Gainera, jasotzen duen informazioa ondo jantzita dago eta era entretenigarrian azaltzen du”.
Adrian Burgadaren ‘Ibaizabal ibaia’ idazlanak Ibaizabal ibaiaren Goi-Arroko landa-paisaiaren bilakaera aztertzen du. Horretarako, Europako Corine Land Cover programa, Euskadiko Baso Inbentarioak eta PNOA programak aurkeztutako kartografia aztertu eta galera-mailaren hurbilketa kuantitatiboa zehaztu du.
Epaimahaiak “ikerketa landua” dela nabarmendu du, “teknikoki ondo antolatuta eta zehatza, lan bibliografiko interesgarriarekin”. Testuaz gain, egileak artikuluan jasotzen diren argazkiak egin ditu eta mapa zein grafikak asko erabili ditu gaia azaltzeko.
500 euroko sariak
Durangaldeko Ikerlari Gazteen Sariarekin, Gerediaga Elkarteak eta ekimena babestu duen Durangoko Merinaldeko Amankomunazgoak “eskualdeko ondarea, historia, kultura eta gizartearen zaintza, ikerketa eta zabalpenarekiko zaletasuna eskualdeko gazteen artean bultzatzeko helburua izan du”.
Sari-banaketa Abadiñoko Astola auzitegi-etxean egin zen eta irabazle bakoitzak 500 euroko saria eskuratu zuen.
Saritutako ikus-entzunezkoak biak, Gerediaga Elkarteko webgunera igota dagoen albistean ikus daitezke. Idatzitakoa berriz, PDF formatuan eskuratu daiteke, Gerediaga Elkarteari eskatuta, eta testuaren laburpena Astola aldizkariaren 16. alean argitaratuko da.
Epaimahaia Durangaldeko eta arlo ezberdinetako hiru gaztek osotu dute: Iruri Altzerreka Martinez (Garai) zuzenbide ikaslea, Helene Sanchez Zelaia (Durango) bioteknologian graduatua eta Liher Larrañaga Gabiria (Elorrio) ikus-entzunezko komunikazioan aritua.