
Zornotzako Bizkargi Gogoratuz Elkarteak aurtengo Bizkargi Eguna bertan behera uztea erabaki zuen aurreko astean Covid-19ak eragindako osasun-larrialdia zela eta. Hala ere, egun horren oroitzapena mantentzea erabaki dute eta domekan ospatzen den Santikurtz Egunerako deitutako gogorapena ikurriñak etxeko balkoietan jarrita egingo dute.
Ekimen horrekin “gure auzokide desagertu eta errepresaliatuak eta Euskal Herri osokoak” gogoratu nahi ditu Bizkargi Gogoratuz Elkarte antolatzaileak.
Zornotza, Larrabetzu eta Morga herriek bat egiten duten Bizkargi mendi tontorrean urtero egiten den ekitaldiaren jatorria Gorozika, Morga, Etxano, Larrabetzu eta Muxikako parrokietako jendeak eta udaletxeetako zinegotziak elkartzen zituen ospakizunean dago. Gainera, Etxanoko jabetza duen ermitaren inguruan hainbat borrokaldi izan zen euskal gudarien eta faxisten artean 1936ko Gerra Zibilean, tontorra behin eta berriro irabazi eta galduz.
Bizkargi Egunak, beraz, aukera ederra eskaintzen du historia errepasatzeko eta birpentsatzeko. Hausnarketa egitea “interpretatzeko eta interferentziarik gabe kontatzeko aukera ematen digun inbertsioa da”, elkartetik adierazi dutenez.
Memoria kolektiboa berreskuratzea “gure herriaren eraikuntzarekin lotutako zeregina da, euskal gizartea bere historiaren gidoilari eta narratzaile nagusia izan dadin lortzeko ahalegina. Era berean, hainbat pertsona eta elkarte memorialistak ildo horretan egin duten lana azpimarratu nahi dugu, ‘amnesia kolektibo’ hori desagertuz joan dadin”, Bizkargi Gogoratuz-etik adierazi dutenez.