Giza eskubideak, bakea, bizikidetza eta kulturartekotasuna gaiek hizpide izan duen Book Trailer Durango lehiaketaren zortzigarren edizioaren sariak banatu berri dira. Edizio honetara 97 lan aurkeztu dira eta parte hartzaileak 234 izan dira.
2010 eta 2012 urteen artean jaiotakoen A kategorian San Antonio Ikastetxeko Haizea Ruizek, Izane Borregok eta Lucia Estanconak sortutako ‘Ikusezin’ lana izan zen irabazlea, eta 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoen B kategorian Durangoko Institutuko Nahia Vital, Divine Ezeokoye eta David Artetxeren ‘Udaberririk ankerrena’ sorkuntzak jaso zuen saria.
Gidoirik onenaren saria Jesuitak Ikastetxeko Kerman Rayaren eta Lander Saituaren ‘Ikusezin’ek jaso zuen saria, eta Publikoaren saria Jesuitak Ikastetxeko Magali Mimentza, Sofia Aguirre eta Leonel Martinsen ‘Emakume guztiok’ eskuratu zuen.
Kategoria orokorretako irabazleek 150 euroko sariak, liburu elektroniko bat eta liburu sorta bat jaso zituzten. Gainera, Gidoirik onenaren eta Publikoaren sariaren kategorietako sarituek liburu elektroniko bat eta liburu sorta bat ere jaso zituzten, beren sormenaren eta ahaleginaren aitorpen gisa.
Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 19an egin zen San Agustin kultur gunean, publikoari irekitako doako ekitaldi batean, eta “bertako talentua balioesteko aukera paregabea eskaini zuen”, antolatzaileen esanetan. Aurkezlea ‘Goazen!’ telesaileko María Redondo aktorea izan zen, eta Kamanga Influencer Clubeko gazteen animazioa ere izan zen.
Book Trailerra euskarri digitalean eskainitako edukia da, ikasleei literatura modu moderno eta eskuragarrian esploratzeko aukera ematen diena, liburu bat aurkezteko narrazio eta ikus-entzunezko elementuak konbinatuz. Izan ere, ekimenaren helburua “gazteen artean irakurketa eta azterketa kritikoa sustatzea da, sormenaren eta elkarrizketaren bidez”, antolatzaileen esanetan.