
2016ko Ibilaldia Durangon ospatuko da maiatzaren 29an, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolen antolakuntzarekin. Erabakia orain dela urte bete inguru hartu bazen ere, joan zen igandean eman zen ezagutzera Harrobia ikastolak Bilbon antolatutako 2015eko Ibilaldiaren baitan.
Bizkaiko Ikastolen Federazioaren erabakia gogo onez jaso zuten Joseba Balerdik eta Kepa Zengotitabengoak, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako presidenteak, hurrenez hurren. Beraiek jaso zuten gainera Bilboko Harrobia ikastolak emandako lekukoa.
Eskerrak emateaz gain eta “ilusioa piztuta” dutela aitortu ondoren, “gure ikastola proiektuaren mezua bazter guztietatik zabalduko dogule” azpimarratu zuen Zengotitabengoak.
Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolako guraso, irakasle, ikasle eta bestelako kolaboratzaileek urte betetik gora daramatzate lanean dena prest izateko datorren maiatzaren 29rako. Orain, ia hamabi hilabete dituzte ibilbidea prestatzeaz gain antolakuntzak eskatzen dituen bestelako lanei aurre egiteko.
2016ko Ibilaldiarekin lortuko den diru-sarrerarekin, antolatzaileek Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolen lehentasunei aurre egoteko asmoa agertzen dute.
Durangon antolatu zen azkenengo Ibilaldia orain dela hamar urte egin zen, hau da, 2005ean. Aldez aurretik beste bi Ibilaldi ospatu dira herrian; lehena 1980an Abadiñorekin elkarlanean eta bestea 1992an.