Euskal preso, iheslari eta deportatuei legez dagozkien eskubideen alde lan egiten duen Sare ekimenak deituta, Imanol Jaio abadiñarraren askatasuna eskatzeko mobilizazioa egingo dute gaur Abadiñon. Elkarretaratzea arratsaldeko 19:30ean izango da Matienako Kiosko plazan.
Jaio gaur goizean atxilotu du Guardia Zibilak Irunen, eta operazio berdinean Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz preso ohiak atxilotu dituzte Zarautzen eta Arrasaten, hurrenez hurren.
Hiru atxiloketak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak agindu ditu “helburu terroristarekin lehergaiak edukitzea” leporatuta. Operazioa Ertzaintzak Arabako Arraia-Maeztu udalerrian 2019an atzemandako ‘zulo’ batekin lotuta dago, Naiz hedabidearen arabera.
‘Konponbide garaia da’ goiburuarekin Matienan egingo den mobilizazioan Imanol Jaio eta Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauzen askatasuna eskatuko dira.