Durangaldeko maketa lehiaketa azken txanpara heldu da. Pasa den asteburuan ospatutako hirugarren kontzertua eta gero, epaimahaiak hiru talde finalistak aukeratu zituen. Azken ekitaldian lehiatuko diren hiru taldeak Incursed bilbotarrak, The Van berriztarrak eta 71 madrildarrak izango dira.
Edizio honetan parte hartzeko izena eman zuten 17 taldeetatik, 9 aukeratu zituzten epaimahaiak zuzeneko emanaldietan parte hartzeko. Finalaurrekoetan erakutsitako mailagatik hiru taldek lortu dute finalera heltzea.
The Van talde berriztarrak rock & roll klasikoa eta blues doinuak lantzen ditu; Incursed-eko bilbotarrek heavy-an mugitzen dira eta Madrilgo 71-k pop-rock doinuak eskaintzen ditu.
Aurtengo finala otsailaren 10ean izango da, gaueko 23:00etan hasita, Zelaieta zentroko kontzertu gelan. Finalistak diren hiru taldeek 20 minutuko kontzertua eskainiko dute eta ondoren sari banaketa egingo da.
Durangaldeko IV. Maketa Lehiaketak hiru sari banatuko ditu: talderik onenak 1.500 euroko diru-saria jasoko du; euskarazko kanturik onenak 500 euroko diru-saria lortuko du; eta hirugarren sariaren irabazleak Amorebieta-Etxanoko jaietan jotzeko aukera izango du.