
Elorrioko Iturri Kultur Etxeko ‘Hileko dokumentala’ zikloak, Rahul Jain zinegilearen ‘Machines’ pelikularekin hasiko ditu bihar 2018ko emanaldiak. Indiako ipar-mendebalean dagoen Surat hiri industrialean egindako pelikula horrek, Sundanceko epaimahaiaren sari berezia jaso zuen iaz, besteak beste.
Filma hipnotiko, zirrikitu askokoa eta samingarriak, ahitutako milaka beharginen nondik norakoak islatzen ditu, langileek 12 orduko lanaldiak egiten baitituzte. Zuzendariaren kamara arin-arin doa begien bistara ez dagoena eta gizakia eta makina gauza bera diren azpimundu horretako korridoreen artean.
‘Machines’ filmean zuzendariak beharginekin dituen elkarrizketa laburrak, lekuz kanpo uzten dute ikuslea. Gainera, solasaldiek beste irakurketa maila bat gehitzen diote lan ustiapenaren salaketari, hots eta irudi ederrekin erakusten den errealitate dramatikoa sinestezina bilakatzen baita.
Rahul Jainek proposatutako begirada gogorra bada ere, izugarrizko sentsibilitatea erakusten du garapen bidean dauden herrietako lantegietako langileen ustiapen laborala agerian jartzerakoan. Filmean erakutsitakoak gaur egungo ekoizpen dinamikak aproposenak diren ala ez birpentsatzera behartzen du ikuslea.
Arratsaldeko 19:30ean hasiko den emanaldia jatorrizko bertsioan emango da, ingelesez eta hindiz alegia, gaztelaniazko azpitituluekin.