
Elorrioko Gazeta auzoan ospatuko diren ‘Erregeenak’ emango diote hasiera 2017ko jaien egutegiari. Ospakizunak, hala ere, urtea amaitu orduko hasiko dituzte gaur (abenduak 30), inguruak auzolanean atonduz eta eguerdian jarriko duten txopoa altxatuz.
Prestatutako egitaraua datorren eguenean jarraituko du, Erregeen egunaren bezperan alegia, iluntzeko 20.30etik aurrera jokatuko den XLIII. mus-tute txapelketarekin.
Erregeen eguneko ospakizunak goizeko 11.30ean emango den mezarekin hasiko dira eta jarraian Besaide dantza taldearen ekitaldia hasiko da. Eguerdiko 13.00etan herri-kirolen jaialdia egongo da. Olarte eta Larrañaga trikitilariek auzoa girotuko dute egun osoan.
Intxorta mendira goizeko 10.00etan egingo den igoerarekin abiatuko da zapaturako prestatutako egitaraua. Ibilbidea egiten dutenek salda eta txorizoarekin berreskuratuko dituzte indarrak.
Iluntzeko zortzietatik aurrera afariak egongo dira eta gaueko 22.30ean erromeria hasiko da Luhartz taldearekin. Goizaldean, berakatz-zopa eta txokolatea dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
11.30ean emango den mezarekin eta 12.30ean hasiko den XLIII. briska txapelketarekin osatuko da domekako egitaraua.
Aurtengo ospakizunak urtarrilaren 14an egingo den II. auzo-desafioa eta 21:00etatik aurrera egongo den auzo afariarekin osatuko dira.