Durangoko Intxaurre Kultur Elkarteak ‘Intxaurre Egune’ ospatuko du zapatuan eta egunerako prestatutako egitarauan etenaldia egingo dute arratsaldean Iruñean Altsasuko gazteen alde egingo den manifestaziora joateko.
Urteurren ospakizuna eguerdian hasiko da pintxo dastaketarekin. Bertaratzen direnek JanGo Dot pintxo lehiaketan ‘Lágimas de María’ ardoarekin hobeto bat egiten zuen saria irabazitako ‘Intxaurretik’ pintxoa zein beste pintxo eta razioak probatzeko aukera izango dute.
Ospakizunak Bertsoak balkoitik balkoira ekimenarekin jarraituko du. 13:00etan hasiko den ekitaldian Josune Aramendi, Igor Elortza eta Eneko Abasolo ‘Abarkas’ izango dira kantari.
Arratsaldean ospakizunaren etenaldia egingo da. 15:0oetan ‘#AltsasukoakAske. Hau ez da justizia’ goiburuarekin Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko antolatutako autobusa irtengo da. Manifestaziora joan nahi duenak izena eman dezake Intxaurre tabernan eguenera arte.
Intxaurre Egunek jarraipena izango du 23:30etatik aurrera, Gora Etorri eta DJ Jkinek eskainiko dituzten saioekin.