
25. urteurrena ospatu berri du Intxaurre Kultur Elkarteak eta aurtengo Txosnaguneko pregoia irakurtzeaz arduratuko da. Txosna Batzordeak aurreratu duenez, San Faustoko jai egitaraua prestatu dute eta eguneko ekimenak indartu nahi dituzte. Hauen artean Gazte Eguna, eta bertan 400 pertsona biltzeko erronka jarri dute.
Jai herrikoiak eta parte-hartzaileen alde, Txosna Batzordeak “arreta handiz” prestatu du datorren urriaren 7tik 16ra bitartean ospatuko den aurtengo jai egitaraua. Bertan, hainbat kontzertu, txapelketa eta ekimen antolatu dituzte, egunez zein gauez egiteko asmoarekin.
Ekitaldien artean, aipagarriak dira urriak 8an ospatuko den Gazte Eguna, baserriko produktuen erakusketa eta dastaketa urriak 9rako, paella lehiaketa 13an, mozorro eguna 15ean eta Pantxikari agurra azken egunean.
Pertsona eta eragile ezberdinek osatzen dute Durangoko Txosna Batzordea, “kolore guztietakoak eta anitzak izaeran, eta azken finean horrexek aberasten gaitu”. Izan ere, deia egiten dute herritarrei txosnagunetik pasatu eta antolatutako ekintzetan parte har dezaten.
Azkenean, Txosnagunea Pinondon kokatuta izango da aurten. Izan ere, Txosna Batzordetik azaldu dutenez, “eskerrak eman nahi dizkiegu, durangarrei, gizabanako zein elkarteei, ostalariei, eta abar. Udalari dagokionez, alderdi politiko guztiei, entzun, lagundu eta, gure ustez, ulertu egin gaituztelako”, esan dute prentsa ohar baten bitartez.