

Iurretako Udalak ipuin-komiki eta bertso-paper onenak sarituko dituen XIII. Literatur Lehiaketa antolatu du. Aurten ere Iurretan erroldatuta edo herrian ikasten duten umeen lan onenak sarituko ditu lehiaketak. Bertso-paper atalean Durangaldea osoko partaideen lanak aurkeztu ahal izango dira eta nagusien sailetan udalerrikoak ez diren lehiakideen lanak ere onartuko dira.
Edizio honetara aurkezten diren lanen gaia bakoitzak aukeratutakoa izango da eta guztiak originalak, argitaratu gabeak eta euskaraz idatzitakoak izan behar dira. Helduen atalean aurkeztutako lanak berriz, euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahalko dira.
Ipuinen sailean, 8 eta 18 urte bitartekoen haur eta gazteen sei talde antolatu dira, eta zazpigarren taldea 18 urtetik gorako helduentzako izango da. Bertso-paperen saila bost taldetan banatu dira haur eta gazteak eta seigarrena 18 urtetik gorakoentzat izango da. Komikien sailean azkenik, adinaren araberako haur eta gazteentzako lau talde eta helduen taldea egongo dira.
Liburuak, bonuak eta diru-sariak
Atal bakoitzean eta adinaren arabera, luzera desberdineko lanak aurkeztu beharko dira. Irabazleek jasoko dituzten sariak ere desberdinak dira eta haurrek eta gazteek liburuak edo liburuak erosteko bonuak jasoko dituzte eta helduen saileko irabazleek berriz, 200 euroko diru-sariak eskuratuko dituzte.
Lanak aurkezteko azken eguna martxoak 11 da eta gutun-azal baten barruan entregatuko dira Udaleko Erregistro Orokorrean edo Herri Bibliotekan, edo emailez bidali lehiaketa@iurreta.net helbidera.
Saila guztietako sari banaketa Ibarretxe Kultur Etxean egingo da maiatzaren 27an.