Ipuinak, poesiak, bertsoak eta komikiak aurkeztu ahal izango dira Iurretako Udalak antolatutako XVIII. Literatur Lehiaketara. Edizio honetan 8 urtetik gorako sortzaileek parte hartu dezakete eta lanak aurkezteko epea martxoaren 1ean amaitzen da.
Literatur lehiaketa honen helburua “adin-tarte guztietan sormen literarioa sustatzea da, literaturako genero ezberdinen bitartez: ipuingintza, poesia, bertsolaritza eta komikigintza”, antolatzaileen esanetan.
Hiru adin tarte
Lehiaketaren kategoria bakoitza hiru adin tartera zuzenduta badago ere azpitarteak egongo dira multzo bakoitzean. Ipuinen kategorian, esaterako, sei adin-tarte egongo dira guztira eta olerki, bertso eta komikietan bakarkako lanak zein taldean egindakoak aurkeztu ahal izango dira.
Lanen gaiak parte-hartzaileek aukeratu ahal izango dute eta originalak izan beharko dira, aldez aurretik argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batean saritu gabeak. Haur eta gazteen kategorietan euskara hutsean egindako lanak bakarrik onartuko badira, helduen kategorian euskaraz eta gaztelaniaz egindakoak onartuko dira.
30 eta 300 euro arteko bonuak
Edizio honetan hainbat sari banatuko dira kategoria zein adin-tarte multzo bakoitzean, Udalak 30 eta 300 euro bitarteko liburu-sortak edo erosketa bonuak izango dira. Saritutako lanak, sailaren arabera, liburu sortez edo Durangaldean kokatzen diren adostutako liburu dendetan gastatzeko bonuez osatuak egongo dira.
Lehiaketara aurkeztu nahi diren lanak Bidebarrieta kaleko 5. zenbakian dagoen Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (HAZ), aurkeztu daiteke. Internet bidez ere aurkezteko aukera dago www.iurreta.eus orriko Tramiteak on-line atalean, baina kasu honetan PDF formatuan bidali behar dira. Webgune horretan lortu daiteke informazio gehiago zein parte hartzeko bete behar den izen-emate eskaeraren orria.