‘Ametsak’ gaia ardatz izan duen 2022ko Hitzez eta Ahotsez literatura ekimena, bihar arratsaldeko bostetan hasiko den Irakurraldi girotuarekin amaituko da. Saio horretan 100 irakurletik gora izango dira, tarteko, bertsolariak, abeslariak, txalapartariak, antzezleak eta musikariak.
San Agustin kultur gunean egingo den ekitaldia iluntzeko 21:00ak arte luzatuko da, eta literatura testuen irakurraldiak hainbat kultur eragileren ekitaldiekin uztartuko dira. Antolatzaileek baieztatu dutenez, txalapartariak eta Karrika eta Luhartz taldeetako antzezleak eta musikariak egongo direla.
Agertokian, Igor Elortza, Erika Lagoma, Beñat Gaztelurrutia, Eneko Abasolo, Kristina Mardaras, Justo Alberdi edo Alberto Murua bertsolariak ere azalduko dira, baita Txomin Bengoa, Josi Sierra eta Anton Mari Aldekoaotalora abeslariak eta Eleder Iturrieta, Urtun Gerrikaetxebarria eta Eneritz Elgezua musikariak.